• Amorebieta-Etxanora iritsiko dira bigarren urtez
  • Esparru digitalean ohitura osasuntsu eta jasangarriak sustatzeko helburua du ekimenak, eta 252 ikaslek parte hartuko dute


NOIZ: 2026ko urriak 20, 08:45–13:45

  • NON: Zelaieta Zentroa
  • NOR: Amorebieta-Etxanoko eta Igorreko 252 ikasle
  • ZER: 6 lantegi praktiko, 2 hitzaldi interaktibo, Gezur(h)egia abentura grafikoa, Zainduz Saretu ihes-jokoa eta Egunean Behin jokoaren zuzeneko partida kolektiboa

Iazko arrakastaren ostean, XARE egitasmoa bigarren aldiz iritsiko da Amorebieta-Etxanora. GAZTEEN ALFABETIZAZIO DIGITALA lehentasunezko premia da eta, hain zuzen, nerabeen bizitzen esparru digitalari dagokionez ere pedagogia egitea da jardunaldi hauen xedeetako bat.

Gaur egungo nerabeak, munduaren alde honetan behintzat, smartphoneen eta sare sozialen boomarekin batera jaio ziren eta, beraz, ingurune digitala ere euren berezko habitata da, eremu fisikoa bezainbeste. Berrikiago, adimen artifizialarekin kontaktua izateko eta aritzeko sarbide osoa izan dute gainera. Pertsonen arteko harremanak, sorkuntza-prozesuak, ogibideak eta eremu profesionala, heziketa bera digitalizatu dira, baina askotariko gaitasunak garatzeko ikasketa-prozesu betean dauden gazteek ez dute behar bezainbesteko laguntzarik eta heziketarik jasotzen esparru horietan ere egoki jarduteko.

Hain justu, hutsune hori betetzeko ekarpena egitera dator XARE, gazteek unibertso digitalean ere ohitura nahiz bizimodu osasuntsu eta jasangarriak eduki ditzaten. Jardunaldiotan teknologia eta lanabes berriak ezagutuko dituzte eta, batez ere, horien erabilera arduratsua, etikoa eta kritikoa egiteko tresnak jasoko dituzte.

Eskubide digitalak, teknopatiak, ziberjazarpena… bezalako kontzeptuak jorratuko dituzte nerabeek, baina era ludiko eta erakargarrian, ihes-jokoen eta bestelako formatu dibertigarrien bitartez, batez ere ondo pasatzeko jardunaldiak dira eta!

Gazteak eta unibertso digitala bezalaxe, EUSKARA da XARE egitasmoaren hirugarren zutabea eta beste helburu garrantzitsua: euskarazko sorkuntza eta baliabide digitalak ikusarazi nahi ditu gazteen artean. Eta, lanabesak ezagutu ez ezik, ikasleek tresna horiek balioan jar ditzaten nahi du; gazteak, hartzaile-kontsumitzaile izatetik, euskarazko ekosistema digitala aberastuko duten sortzaile eta garatzaile izatera pasatu daitezen.

Azkue Fundazioak sustatu eta Amorebieta-Etxanoko Udaleko Gazteria eta Euskara sailek babesten duten saio honek Arratia BHI, El Carmelo, Urritxe BHI, Lauaxeta Ikastola eta Zornotza LH ikastetxeetako Bigarren Hezkuntzako 252 ikasle batuko ditu.

Askotariko edukiak eta formatuak

Parte-hartzaileek Zelaieta Zentroan dute hitzordua, eta han hiru gune: PRIBATUTASUNA gunea, HARREMANAK gunea, eta IKAS gunea (tailerrak). 9:00etatik 13:45ra bitarte, hiru taldetan banaturik eta beste horrenbeste txandatan, ikasleek XARE jardunaldiak dakarren egitarau osoaz gozatuko dute.

PRIBATUTASUNA gunean, arrasto digitalaz eta adimen artifizialaren iturriez gogoeta kritikoa egiteko hitzaldi interaktiboa ez ezik, aurtengo berritasun gisa, Gezur(h)egia izeneko abentura grafikoa biziko dute gazteek: albiste faltsuak eta enpresa teknologiko handien gehiegikeriak salatuko dituzten kazetarien azalean jardungo dira.

HARREMANK gunean, beste hitzaldi interaktibo batean parte hartuko dute. Kasu honetan, sare sozialetan besteekin nola erlazionatzen diren izango da hizketagaia: nolako iruzkinak idazten dituzte besteen argitalpenetan? Gune berean, bestalde, Zainduz Saretu izeneko ihes-jokoan ariko dira: besteak beste, gorroto mezuak eta red flag-ak identifikatzea izango da jokoan aurrera egiteko modua.

IKAS gunean, aldiz, lanabes digitaletan trebatzeko eta horien aplikazio errealak ulertzeko 6 lantegi praktiko izango dituzte aukeran: bideojokoak euskaraz, 3D inprimagailuak, errealitate birtuala, App Inventor, musika sortzeko aplikazioak, argazkilaritza tailerra, robotika eta bideomappinga.

Euskarazko unibertso digitala elikatzen diharduten profesional eskarmentudunak arduratuko dira XARE programa osatzen duten jarduera horiek guztiak gidatzeaz: ERAGIN komunikazioa, BIKONET telekomunikazioa, TALAIOS kooperatiba, EMAIZE sexologia zentroa eta MUNDU BERRIAK berrikuntza sexologikorako elkartea, PROTOMAKERS club, KATUBI ikus-entzunezkoak, ELURMALUTA proiektu artistikoak eta Dj MAKALA, besteak beste.

Jardunaldien izaera ludikoa indartzeko eta gazteei euskarazko unibertso digitalarekin izango duten kontaktu honek oroitzapen positiboa utz diezaien, Egunean Behin jokoaren zuzeneko partida kolektiboa ere jokatuko dute 252 parte-hartzaileek. 09:15ean izango da hori, harrera ekitaldia bukatu bezain pronto.