Esparru digitalean ohitura osasuntsu eta jasangarriak sustatzeko helburua du ekimenak, eta 111 ikaslek parte hartuko dute.
- NOIZ: 2026ko azaroak 26, 09:00–13:45
- NON: Klaret Antzokia, Kultur Aretoa eta Horkasitas Jauregia
- NOR: Balmaseda BHI ikastetxetako 111 ikasle
- ZER: 6 lantegi praktiko, 2 hitzaldi interaktibo, Gezur(h)egia abentura grafikoa eta Zainduz Saretu ihes-jokoa
Ia hamar urteko ibilbidea egina duen XARE egitasmoa lehenengo aldiz iritsiko da Balmasedara (eta Enkarterrira). GAZTEEN ALFABETIZAZIO DIGITALA lehentasunezko premia da eta, hain zuzen, nerabeen bizitzen esparru digitalari dagokionez ere pedagogia egitea da jardunaldi hauen xedeetako bat.
Gaur egungo nerabeak, munduaren alde honetan behintzat, smartphoneen eta sare sozialen boomarekin batera jaio ziren eta, beraz, ingurune digitala ere euren berezko habitata da, eremu fisikoa bezainbeste. Berrikiago, adimen artifizialarekin kontaktua izateko eta aritzeko sarbide osoa izan dute gainera. Pertsonen arteko harremanak, sorkuntza-prozesuak, ogibideak eta eremu profesionala, heziketa bera digitalizatu dira, baina askotariko gaitasunak garatzeko ikasketa-prozesu betean dauden gazteek ez dute behar bezainbesteko laguntzarik eta heziketarik jasotzen esparru horietan ere burujabe jarduteko.
Hain justu, hutsune hori betetzeko ekarpena egitera dator XARE, gazteek unibertso digitalean ere ohitura nahiz bizimodu osasuntsu eta jasangarriak eduki ditzaten. Jardunaldiotan teknologia eta lanabes berriak ezagutuko dituzte eta, batez ere, horien erabilera arduratsua, etikoa eta kritikoa egiteko tresnak jasoko dituzte.
Eskubide digitalak, teknopatiak, ziberjazarpena… bezalako kontzeptuak jorratuko dituzte nerabeek, baina era ludiko eta erakargarrian, ihes-jokoen eta bestelako formatu dibertigarrien bitartez, batez ere ondo pasatzeko jardunaldiak dira eta!
Gazteak eta unibertso digitala bezalaxe, EUSKARA da XARE egitasmoaren hirugarren zutabea eta beste helburu garrantzitsua: euskarazko sorkuntza eta baliabide digitalak ikusarazi nahi ditu gazteen artean. Eta, lanabesak ezagutu ez ezik, ikasleek tresna horiek balioan jar ditzaten nahi du; gazteak, hartzaile-kontsumitzaile izatetik, euskarazko ekosistema digitala aberastuko duten sortzaile eta garatzaile izatera pasatu daitezen.
Azkue Fundazioak sustatu eta Balmasedako Udalak zein Eusko Jaurlaritzak babesten duten saio honek Balmaseda BHI ikastetxeetako 111 ikasle batuko ditu.









