Columbiako Barrutiko Gorte Federaleko Carl J. Nichols magistratuak onartu egin du marka txinatarraren abokatuen eskaera. Trumpen debekua aldi baterako blokeatzea nahi zuten enpresaren abokatuek, bi aldeak epaitegietan lehiatzen ziren bitartean.

Nicholsen erabakiak behin betiko eraman du Justiziara abuztuan hasitako liskarra, Trumpek agindu exekutibo bat eman zuenean, AEBetan Tik Tok debekatzeko mehatxupean, enpresa jabeak, ByteDance txinatarrak, negozioa Ameriketako Estatu Batuetako enpresei saldu ezean.

AEBetako presidentearen arabera, enpresa txinatarraren aplikazioa mehatxua da segurtasun nazionalerako, sektore pribatuak eta Txinako Alderdi Komunistaren gobernuak Txinan dituzten loturak tarteko.

Hainbat astez negoziatzen aritu ondoren, ByteDance akordio batera iritsi zen Oracle eta Walmart konpainia estatubatuarrekin. Etxe Zuriaren aldez aurreko oniritzia jaso zuen, baina azken egunotan, antza, elkarrizketak ez zihoazen bide onetik. Ondorioz, Trumpek aplikazioaren deskargak debekatzeko mehatxua gauza zezakeen, behin igandea igarota.

Epaia iragarri baino ordu batzuk lehenago, igande goizean, Nicholsek Gobernuaren argudioak entzun zituen. Gobernuaren arabera, Tik Tok mehatxu bat da bere erabiltzaileen inguruko datuak biltzen dituelako, eta, enpresa txinatarra denez, nahitaez lagundu behar dielako herrialde horretako inteligentzia-zerbitzuei.

Bestalde, Tik Tokeko abokatuek ukatu egin zuten konpainiak Txinako agintariekin datuak partekatzen dituenik, eta Trumpen helburua adierazpen-askatasuna murriztea dela argudiatu zuten.