Amazonek onartu du akordio bat negoziatzen ari dela Metro Goldwyn Mayer (MGM) ekoizpen-etxea erosteko. Jeff Bezosen enpresa prest egongo litzateke 7.000 eta 10.000 milioi dolar artean ordaintzeko orroka ageri den lehoia irudi duen ekoizle mitikoaren film eta serieen katalogoa eskuratzeko.
MGMk abendutik darama bere estudioa eta artxibo zinematografikoa plataforma digital bati saldu nahian. Harrezkero, hainbat enpresa teknologiko saiatu dira, baina ez da akordiorik lortu… orain arte.
Gaur egungo negoziazioen buru dira Amazon Studios eta Prime Video lehendakariorde Mike Hopkins eta MGMko kontseiluko lehendakari eta konpainiako akziodun handiena Kevin Ulrich. Zuzenean ari dira negoziatzen. Erosketa gauzatuz gero, Amazonek entretenimenduaren sektorean inoiz egindako erosketa handiena izango litzateke.
Enpresa teknologiko handiak gero eta baliabide gehiago inbertitzen ditu negozioaren esparru horretan, alegia, entretenimenduan. Hala, 2020an, Amazonek 11.000 milioi dolar gastatu zituen telebista-programak, musika-edukiak eta filmak erosten Amazon Prime Video plataforman jartzeko asmoz; hau da, 2019an baino %40 gehiago. Dagoeneko 200 milioi erabiltzaile ditu mundu osoan. Amazonek plataforma hori indartu nahi du orain, eta MGMren katalogoa erostea aurrerapauso nabarmena litzateke.
MGMk filmen eta telesailen munduko artxibo handiena dauka: 4.000 film baino gehiago eta 17.000 ordu baino gehiago. Bere katalogoan denetarik dago, besteak beste, Pink Panther, James Bond eta Rocky-ren filmak edo Fame eta Fargo telesailak, besteak beste.