Bziber egitasmoa aurkeztu du gaur goizean Azkue Fundazioak Euskarare Etxean.

 Bizkaiko 11 eta 13 urte bitarteko gazteei  zuzendutako lehiaketa da, sare sozialetan oinarritutakoa: Tik Tok eta Instagram.

Edurne Azkarate aktoreak lau erronka proposatuko dizkie Bizkaiko 11 eta 13 urte bitarteko gazteei. Proba horiek gaindituz gero, bi iphone 8ren zozketan parte hartzeko aukera izango dute.

Ekimena uztailaren 9an hasiko da eta uztailaren 20an amaituko da, bi sarien irabazleen izenen argitalpenarekin.

Aurkezpen-ekitaldian Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendariak eta Lorea Bilbao Euskara, Kultura Eta Kirol Saileko foru diputatuak parte hartu dute.

Foru diputatuaren arabera, “gazteak etorkizuna dira, eta beraien egunerokotasunean euskara normaltasunez erabil dezaten, garrantzitsua da euskarak presentzia izatea  esparru guztietan, baita eremu digitalean ere. Gaur aurkeztu dugun Bziber egitasmoa horretara dator”.

Acasusok azaldu duenez, ekimenaren xedea da “euskara, teknologia eta esparru digitala aisialdiko proiektu erakargarri batean uztartzea, gazteek edukiak sor ditzaten Interneten euskaraz.

Horretarako, egitasmoa Bizkaia osora hedatuko da eta sareko puntako aplikazioan oinarrituko da: Tik Tok aplikazioan. “Sarean, euskararen erabilerarako aukerak eta ereduak eskaini nahi ditugu, gazteek euskaraz argitara ditzaten”.

Sareko erronken formatua dauka ekimenak, eta gazteentzat erakargarriak diren hainbat elementu uztartzen ditu: Telefono mugikorra , boladan dauden sareko aplikazioak, erronkak, pizgarriak eta pertsonaia erreferenteak.

Hala, bi astetan, uztailaren 9tik 15era bitartean, Edurne Azkarate aktoreak erronkak proposatuko dizkie Bizkaiko gazteei proba horiek egin ditzaten. Behin lau proba horiek gaindituta, iphone  8en zozketan parte hartzeko aukera izango dute.

Lehiaketan parte hartzeko, gazteek Bziber lehiaketaren jarraitzaile izan beharko dute sare sozialetan (@bziber_lehiaketa kontua, Tik Tok eta Instagramen) eta gero, Edurne Azkarate aktoreak proposatuko dituen erronken argibideei adi egon beharko dute, probak burutu eta gainditzeko. Lehiaketaren xehetasun guztiak eta Edurnek proposatuko dituen probak ikusteko: https://bziber.eus/

Horretaz gainera, Euskadi Gazteako kide eta ETBko aurpegi ezagun Ainhoa Etxeberria eta Egoitz Txurruka Txurru lehiaketaren jarraitzaile nabarmenak izango dira. Biak ala biak oso aktiboak dira Tik tok-en.