SummerLab udako kanpamentuaren laugarren edizioa abiatuko dute hil honetan, Donostiako Tabakaleran; udako lehen topaketan, hain justu, datuak, hiritarren parte-hartzea, pribatutasuna eta gardentasuna izenburukio gaia jorratuko dute.

“Bertan, gaur egun informazioak eta datuen tratamendu masiboak dituzten eraginetako batzuk aztertuko dira hainbat ikuspuntu eta esferatatik, besteak beste, akademiaren, erakundeen eta esfera publiko eta erkidegokoaren ikuspuntutik”.

Lehen topaketa horren baitan, bi jarduera ondu dituzte: ekainaren 26an, Datuak botere dira, baina zeinen eskutan? eta ekainaren 27tik 29ra, Datuen boterea. Hitzaldi formatuan izango duen lehenengo jardueran, ondoko galderen inguruan arituko dira: “Zer gertatzen da datuetarako sarbidea ematen zaionean aurretik ez zuen norbaiti? Nola aldatzen dira herritarren edo erakundeen egitasmoak beharrezko dituzten datuetarako sarbidea bermatuta dagoenean?”. Hitzaldi formatuan egingo da.

Bigarrena, berriz, lantegi bat izango da, eta pertsona ezberdinen arteko elkarlana eta ezagutza sustatuko ditu. “Lantegi honetan harremanetan jarriko dira datuen munduko adituak (ezagutza, gaitasuna eta esperientzia dutenak) eta proiektu-ideiak dituzten pertsonak (beharrizan zehatzak dituztenak, datuekin egindako lan bat behar duten kolektiboetako kideak…)”.

Puri-purian dagoen gaia da datuen kudeaketarena; hortaz, SummerLaben proposamena oso interesgarria eta baliagarria izango da. “SummerLab udako kanpamentu bat da, aldi baterako topaketa kooperatibo bat, teknologiarekin, kultura digitalarekin, diseinu irekiarekin eta baterako ikaskuntzarekin lotutako gaiak jorratzen dituena, eta alor horietan erreferente diren egitasmoak batzen ditu”.