Booktegik eta Azkue Fundazioak lankidetza adostu dute idazleen elkarrizketak biltzen dituen ElkarrizKatea saioaren denboraldi berria babesteko asmoz.
Booktegiren telesaioa da ElkarrizKatea, zeinetan hainbat idazlek parte hartzen duten, elkarren artean hitz egiteko helburuarekin. 2018ko denboraldian, zazpi idazlek hartu zuten parte. Hala, “A idazleak B idazleari elkarrizketa egingo dio, hurrengo saioan B idazleak C idazleari, eta horrela katea osatu arte zazpi euskal idazle esanguratsuenetarikoekin”. Iaz Katixa Agirre, Harkaitz Cano, Beñat Sarasola, Arantxa Urretabizkaia, Peru Iparragirre, Itxaro Borda eta Arantxa Iturbe igaro ziren saiotik.
Bada, ElkarrizKatea saioko lantaldea Bilbon dagoen Euskararen Etxean izan da saioaren denboraldi berriaren sarrera grabatzeko, denboraldi berriko elkarrizketak Euskararen Etxean grabatuko baitira. Sarreran, animazioan oinarritutako aulki jolas bat jasotzen da.
Aurten, Iban Zaldua, Uxue Alberdi, Gotzon Barandiaran, Oier Guillan, Ana Malagon, Edorta Jimenez, Laura Mintegi eta Idurre Eskisabel eseriko dira Booktegiko ElkarrizKatea saioko aulkietan, Azkue Fundazioaren babesean. Ana Galarragak gidoiak prestatuko ditu, baita idazleen biografiak aurkeztu ere.
Azkue Fundazioaren helburu estrategikoetako bat da euskarazko ikus-entzunezko sormena eremu digitalean sustatzea.