Azkue Fundazioak ElkarrizKatea saioaren hirugarren denboraldia babestuko du.
Booktegik zuzeneko ekitaldiak abiatuko ditu Euskararen Etxean

Iaz abiatu zen Azkue Fundazioaren eta Booktegi plataforma digitalaren arteko lankidetza idazleen elkarrizketak biltzen dituen ElkarrizKatea saioaren bigarren denboraldiaren babesarekin batera. Bada, aurten ere, Azkue Fundazioak ElkarrizKatea saioaren hirugarren denboraldia babestuko du.

ElkarrizKatea saioan hainbat idazlek parte hartzen dute, elkarren artean hitz egiteko helburuarekin. Hala, “A idazleak B idazleari elkarrizketa egingo dio, hurrengo saioan B idazleak C idazleari, eta horrela katea osatu arte zazpi euskal idazle esanguratsuenetarikoekin”.

2018ko denboraldian, zazpi idazlek hartu zuten parte, bai eta 2019koan ere; tartean, Katixa Agirre, Harkaitz Cano, Beñat Sarasola, Uxue Alberdi eta Idurre Eskisabel.

2020an, atalak 40 minutukoak izango dira, eta Bilbon dagoen Euskararen Etxean grabatuko diren. Booktegik jakinarazi duenez, aurten hobekuntza teknikoak egingo dituzte, atalen kalitate hobetzeko asmoz.

Akordioaren bidez bi helburu betetzen dira: batetik, Azkue Fundazioaren helburu estrategikoetako bat da euskarazko ikus-entzunezko sormena eremu digitalean sustatzea da, eta bestetik, Booktegik euskaraz irakurtzeko zaletasuna bultzatzea bilatzen du.

Zuzeneko ekitaldiak

Booktegik halaber, zuzeneko ekitaldiak onduko ditu Euskararen Etxean, Azkue Fundazioaren laguntzarekin. Ekitaldiak irekiak izango dira, nornahi gerturatu ahalko da ekitaldietara, eta Booktegik grabatu egingo ditu, gero bere plataforma digitalean argitaratzeko. Guztira lau ekitaldi ondu ditu Booktegik Euskararen Etxean.

Festa gonbidatuak izenburuko ekitaldia izango da lehena, otsailaren 20an. Katixa Agirrek Festa gonbidatuak ipuin-bildumaren solasaldi-emanaldia egingo du. Booktegik halaber, liburu hori argitaratuko du egun berean bere plataforman. “Agirrek ipuinetako bat bizpahiru zatitan irakurriko du; etenaldietan, idazle edo kazetari batek galderak egingo dizkio Katixari; bukaeran, entzuleek galderak egiteko aukera izango dute”.

Maiatzaren 8an, Xerezaderen Festa egingo da: “Booktegin hiruzpalau ipuin argitaratuko ditugu bilduma berean. Azala Idoia Beratarbidek egingo du. Ipuinak Xerezaderen Artxibokoek hautatuko dituzte, eta Xerezaderen Artxiboko kideek ekitaldian irakurri egingo dituzte”.

Maiatzaren 14an zutabegileen txanda izango da, Zutabegileen hirukotea: Jose Mari Pastor, Onintza Enbeita eta Xabier Etxaniz Rojo zutabegile lanaz gogoeta egitera etorriko dira Euskararen Etxera.

Azkenik, urrian, Ipuin solasaldia izango da. Aurreko hiruzpalau asteetan hiruzpalau idazlek ipuin bana plazaratuko dute Booktegin. Ipuin bakoitzak enbata hitzari edo kontzeptuari erreferentzia egingo dio nolabait. “Solasaldian idazle bakoitzak bere lanaren inguruan baita besteen gainean ere hitz egingo du. Formatu hau interesgarria izateaz gain, berritzailea izango da”.