ZuZeu orainkariak 10 urte beteko du aurten, eta urteurren horren harira, hiru podcast abiatu ditu. Horietako bat Maite Goñik zuzendutako 10 minututan da, zeina Azkue Fundazioak babesten duen. Podcast horrek hizkuntza eta teknologia lotzen ditu, eta asteazkenero egiten da. Bada, atal berri bat sarean duzue eskuragarri: Errealitate birtuala eta errealitate areagotua ikasgelara?.
“Azken tendentzietarik iraultzaileentarikoak dira errealitate birtuala eta errealitate areagotua. Esparru guztietan izango dute eragina, baita hezkuntzan ere. Posible izango da Egiptoko piramideen oinean jartzea edo molekula baten barrura sartzea, halako baliabideekin. Teknologia berri hauen etorrerak nola eragingo dio ikasgelari eta hezkuntza prozesuari?”.
ZuZeuren arabera, “hezkuntza eta teknologia lotzen dituen hariari tiraka azken joerak, aplikazioak eta trikimailuak ekarriko ditu Maite Goñik 10 minututan saiora. Labur bezain zehatz askatuko dizkigu teknologiak sortzen dizkigun korapiloak. Ikasteko garaia da”.