Jokoteknia Euskarazko Bideojokoen II. Jardunaldia

Azkue Fundazioaren eta Game Erauntsiaren elkarlanaren ondorioz, 2018an, Jokoteknia Euskarazko Bideojokoen Jardunaldia egin zen estreinakoz. Iazko harrera onaren ondotik, bi erakundeek bigarren jardunaldi bat egitea adostu dute, urriaren 12an, Bilboko Azkuna Zentroan, Bastida aretoan, 9:00etatik 14:00etara, Eusko Jaurlaritzaren, CodeSyntax enpresaren, Bilboko Digipen Institutuaren eta Harrobia Lanbide Ikastolaren laguntzaz.

Jardunaldiaren xedea da bertako industriaren eta jokozaleen azterketa bat egitea, eta hemengo bideojoko garatzaile eta jokalarien joerak ikusi eta elkar ezagutzea.

Jardunaldi horren berri emateko, Iurdana Acasuso Azkue Fundazioaren zuzendaria eta Iker Bellido Game Erauntsiko kidea Euskararen Etxean bildu dira, Bilbon. Bi ordezkariek jardunaldiaren nondik norakoak azaldu dituzte, tartean, jardunaldian jorratuko diren gaiak eta hizlariak.

Acasusoren aburuz, “Jokoteknia euskal bideojokogintzaren termometroa da, eremu horretako protagonistak harremanetan jartzen dituelako, eta esparru horren egoera zehaztasunez islatzen duelako, haien iritzi eta azalpenen bidez”.

Jardunaldian izango diren hitzaldien harira, Louis Schnellbach bideojokoen garatzaile eta euskara ikasle frantziarraren berbaldia azpimarratu du Iker Bellidok. “Bideojokoen atzean dagoen lana erakutsiko du Schnellbachek. Lan horren atzean ehunka edo milaka garatzaile daude, eta haien arteko antolakuntza eta harremanak ezagutzea oso interesgarria izango da”. Ghost Recon Wildlands, Assassin’s Creed Odyssey eta Dual Universe jokoen garapenean parte hartu du Louisek.

Jardunaldian jorratuko diren gaiak:

Hauexek dira, besteak beste, urriaren 12ko jardunaldian jorratuko diren gaiak: bideojokoak feminismoaren ikuspegitik; euskal bideojokoen etorkizuna edo industriaren egoera. Euskal bideojokogintzaren industriako aditu, ikasle eta jokalariak batera jarriko dira egungo proiektu interesgarriak ezagutzeko, industriaren azterketa egiteko eta aurrera begirako ildoak zeintzuk diren argitzen saiatzeko.

Hizlariak:

EGOITZ FRAILE DIEZ eta OLATZ ARIN BASTERRETXEA Harrobiako ikasleak

3D animazioak, bideo-jokoak eta ingurune elkarreragileak zikloko ikasleak Harrobia ikastolan eta PS4rako Nuclear Corps bideojokoaren garatzaileak.

KERMAN MUNITXA ATXA DigiPeneko ikaslea

“23 urte ditut eta Bilbon jaio nintzen. DigiPenen Ingenieritza Informatikoa ikasten ari naiz, hirugarren mailan. Bideo-jokoak eta filmak gustatzen zaizkit. Betidanik eduki dut buruan informatikarekin erlazionatuta dagoen zer edo zer ikastea, eta bideo-jokoekin partekatu ahal badut, askoz hobeto!”.

ANE UNZALU ABRISKETA DigiPeneko ikaslea

“20 urte ditut eta Otxandiokoa naiz. Txikitatik jolastu naiz bideojokoekin, nahiz eta jarraitzaile sutsua ez izan. Hala ere, baditut zenbait joko eta oraindik ere jolasten naiz. Ikaslea naiz, DigiPen Bilbaoko Arteko graduan, eta iaz SkyWolf bideojokoa egiteko aukera izan genuen”.

LOUIS SCHNELLBACH Motore/Zerbitzari garatzailea

Ghost Recon Wildlands online/sare garatzailea (2014tik 2016ra), Assassin’s Creed Odyssey motore garatzailea (2016tik 2018ra) eta orain Dual Universe jokoan zerbitzari garatzaile moduan.

JONE ZALDUEGI URRESTI Hezkidetza eta sexualitate arloko arduraduna. Emoki elkartea

Bitxikeria zalea, integratzaile soziala, formatzailea, hezkidetzan eta sexualitate eta familia-heziketan aritua. 15 urteko eskarmentua haur eta gazteekin lanean.

ANDER GOENAGA IRIONDO Gameplay programatzailea. Moon Studios

Donostiarra da, eta egun Moon Studios enpresaren Ori and the Will of the Wisps jokoa garatzen ari da. Santo Tomas Lizeoa ikastolan ikasitakoa da, eta unibertsitate ikasketak DigiPenen burutu zituen. Ibilbide profesionala Ubisoften hasi zuen, Bukaresten lehenik eta Toronton ondoren. Bertan Ghost Recon Wildlands eta Watchdogs Legion jokoetan egin du lan.

MIKEL ETXEBERRIA AGIRRESAROBE Kulturaren Euskal Behatokiko arduraduna. Eusko Jaurlaritza

Hainbat urtez Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzan aritua,  batez ere, Sormen Lantegiak eta Arte Eszenikoak landuz. Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu titulua burutua eta, gaur egun, Kulturaren Euskal Behatokiko arduraduna da. “Azken urte honetan zehar bideojokoen inguruan gure zerbitzutik bildutako datuak aurkeztuko ditut”.

TXUS ORDORIKA Software ingeniaria. Bideojoko zalea

Si urte zituela, etxean, Atari 800XL bat agertu zen, eta ordutik bideojokoak bere egunerokotasunean txertatu dira, kontsumitzaile zein programatzaile gisa. Bideojokoen industrian egin du lan, nahiz eta egun, ez jardun buru belarri. Homebrew garatzaile aritzen da bere denbora libre eskasean. Bakarkako jolasak nahiago ditu, baina online on pike bati ez dio ezetzik esaten. “Hitzaldian, Bideojokoen garapena: the good, the bad, the ugly, industriaren egoera birpasatuko dugu, kontsumitzaile bezala eta zer egin dezakegun garatzaile bezala etxean daukagun hardwarearekin”.

jokoteknia_prentsaurreko