Eusko Jaurlaritzaren IKT deialdia baliatuta, Adimenlabs enpresak euskarazko bi chatbot garatu ditu, Mixu Baserrian eta Elkanoren Abentura. Chatbot bat mezularitza-aplikazio bitartez funtzionatzen duen aplikazioa da, eta erabiltzailea lengoaia naturalean komunikatzen da bot edo robotarekin.

Mixu Baserrian sagutxo batek gidatutako jolas interaktiboa da, baserri ingurutik urrun bizi diren 6-8 urte bitarteko gaztetxoei baserriko kontuak gerturatzeko. Adimenlabsen arabera, “gaztetxo eta baserrien arteko lotura indartzeko asmoz sortu da jolasa”. Aplikazioak mugikorra eta mezularitza uztartzen ditu. Aplikazio ondoko estekan eskuratu daiteke: https://www.mixujolasa.eus/.

Elkanoren Abentura, berriz, Getarian jaiotako Juan Sebastian Elkano esploratzaile eta itsasgizonak duela 500 urte burututako lehen mundu biraren harira garatutako aplikazioa da. “Elkanoren abentura edozein erabiltzaileren eskura jartzeko apustua da, elkarrizketa-abentura eran gauzatua”. Mezularitza-aplikazio batean (Telegram) oinarritutako elkarrizketa-abentura da, 12-17 urte bitarteko gazteei zuzendua. Hala, erabiltzaileak Elkanorekin elkarrizketatuko dira, euskaraz. “Elkanoren abentura ezagutu nahi dutenek, hurrengo webgunera joan daitezke: https://www.elkanoabentura.eus/”. Facebook bidez ere erabili daiteke, “Elkanoren Abentura” bilatuz.

Telegram aplikazioa instalatuta izanez gero, bi aplikazioak abiatu daitezke telefonoan: @elkanorenAbenturaBot edo @mixuBaserrianBot idatzi, eta bertan txat berri bat zabalduko da jolasten hasteko. Hala, iOS zein Android mugikorra duen nornahik izango du erabilgarri. Gainera, Telegramek PC-ko bertsioa duenez, ordenagailuan instalatzeko aukera ere izango dute Windows, Mac eta Linux erabiltzaileek.