Facebook prest dago bere mezularitza-tresna guztietan puntuz puntuko enkriptatze-sistema bat ezartzeko, nahiz eta zenbait gobernuk eskatu dioten konpainiari ez egiteko, beldur baitira, adibidez, jarduera kriminalak ezkutatzen laguntzeko balioko ote duen.

Muturretik muturrerako enkriptatze-sistema batek badu berezitasun bat: mezuaren igorlea eta hartzailea bakarrik sar daitezke bertara. Facebook-ek ere, komunikazio-egintza gauzatzen den plataforma den aldetik, ezin izango luke edukia deszifratu. Horrek erabiltzaileen arteko komunikazioen pribatutasuna bermatzen du Facebooken aplikazio guztien artean, baina gobernu asko ez datoz bat ideia horrekin.

Hala ere, Facebookek bere plana gauzatu nahi du. “Epe luzeko proiektua” da, baina 2022rako erabat ezarrita egotea espero du. Mark Zuckerberg-en enpresak 2019an jakinarazi zuen segurtasun-sistema hori ezarriko zuela, bere mezularitza-tresna guztien bidez datuak errazago transmititu ahal izateko. Hortaz, tresna horien integrazioan dihardu. Horren ondorioz, etorkizunean, erabiltzaileek mezu bat idatzi ahal izango dute WhatsApp bidez, eta Instagram edo Messenger bidez, eta antzera arituko litzateke aplikazioen bestelako aukerekin ere; esaterako, dirua bidaltzea.

Komunikazio eta transakzio guztien pribatutasuna maximoa litzateke, puntuz puntuko enkriptatze-sistema horren ondorioz. Agintariek baina, ez dute sistema hori onartzen. 2018ko irailean, Ameriketako Estatu Batuek, Erresuma Batuak, Kanadak, Zeelanda Berriak eta Australiak gutun bat bidali zioten Facebook-i, aurrera jarrai ez zezan eskatzeko.

Testuan jasotzen zenez, neurri horrek “ahuldu egingo luke legez kanpoko jarduerak, hala nola adingabeen esplotazio sexuala edo terrorismoa, antzemateko eta haien aurrean jarduteko gaitasuna”. Legez kanpoko kasu horietarako“atzeko atea” jartzeko eskatu zioten gobernuek Facebook-i ikertzailek handik sar zitezen, baina konpainiak ez du onartu. Hartara, Facebook-ek bere planekin jarraitzen du gobernuen eskaerak aintzat hartu gabe.

fb_3