Berria egunkariak, Kanaldudek, Hamaika Telebistak eta Antxeta irratiak, Elhuyarren laguntza teknologikoaz, Heraldabide proiektua abiatu dute, zeinak Akitania Berria-Nafarroa-Euskadi euroeskualdearen babesa duen.

Berria egunkarian jasotzen denez, egitasmoaren bidez, adimen artifiziala euskarazko komunikabideen eskura jarriko da: “Egitasmoaren xedea izango da euskarazko hedabideetara iristea adimen artifizialaren olatuaren onurak, digitalizazioaren eta negozio eredu berrien erronkei hobeto heltzeko, baita erabiltzaileen esperientzia eta beharrei erantzuteko ere”.

Onurak hiru esparrutan gertatuko dira: Irisgarritasunean, euskarazko edukiak ahalik eta jende gehienarengana iritsiko dira, transkripzio teknologien eta hizketa testu bihurtzen duten teknologien bidez; kudeaketan, testuen meatzaritzaren  bidez; eta, azkenik, kontsumo ereduan, datuen analitikarekin bidez, erabiltzaileek gero eta eduki pertsonalizatuagoak jasotzeko.

“Plataformak funtzio hauek izango ditu: etiketa semantikoen erauzketa neuronala testuetatik eta audioetatik euskarara, frantsesera eta gaztelaniara; etiketa semantikoen erauzketa aberatsa, gai orokorrak, gai zehatzak, eta izendun entitateak (pertsonak, erakundeak eta tokiak) bereiziko dituena; edukiak Wikidata ezagutza data base estandarreko kontzeptuekin lotzea; eta audioen azpidazketa automatiko sendoa, aintzat izango dituena hizkera espontaneoa, euskalkiak eta inguruko zarata. Iparraldeko aldakerak eta bizkaiera hartuko dira aintzat”

Hiru urterako egitasmoa da, eta uztailean lehenengo emaitzak iragarriko dituzte.

Informazio gehiago: berria.eus.

heralda