Uda garaia da, eta mugikorra hondartzara eramateko ohitura zalantzan jarri beharko zenuke, hondartzan zure telefonoa honda dezaketen hainbat etsai biltzen baitira, eta etsaiok ez dira nolanahikoak. Hortaz, beharrezkoa ez bada, hobe duzu telefonoa etxean uztea, gerizpean, freskotan.
Hasteko, adi urarekin. Konpainia batek esaten duenean bere telefonoek ur zipriztinak jasaten dutela, kontuz, bi edo hiru tantez baino ez baitira ari. Gaur egun, telefonoek hezetasunari aurre egiteko nahikoa ahalmena dute, baina tartean itsasoko ura bada; hau da, ur gazia, kontuz, gatza mugikorren etsai handia baita. Kanpoko piezak apurtzen ditu gatzak, esaterako, kargagailuaren sarrera.
Telefonoa ur gezarekin bustitzen baduzu, lasai egotea da funtsezkoa, pazientziaz jardutea. Itzalita badago, utzi horrela; piztuta egonez gero, berriz, itzali. Bi kasuetan itxaron ondo lehortu arte. Arrozak lagun dezake lehortze horretan, baina ez erabili bestelako etxetresna elektriko sikatzeko; esaterako, ile-lehorgailua edo berogailua.
Gauza bera gertatzen da harearekin, hondar aleek mugikorraren kanpoko piezak honda ditzakete. Gogoratu, udan, sarri izaten ditugu patrikak harez beteta. Hareak, gainera, pantaila marratu dezake, pantailok gero eta hauskaitzagoak badira ere.
Azkenik, beroa, bai hondartzan eguzkiak gogor jotzen du, eta mugikorrek ez dute muturreko tenperaturak jasaten. Sekula irakurri ez duzun eta oraindik kaxan jarraitzen duen erabiltzailearen gidan beti jartzen du zein den telefonoaren funtzionamenduaren tenperatura tartea, eta gehienetan, betiere modeloaren arabera, tarte hori 0 eta 40 gradukoa izan ohi da. Hala, bost gradu gora edo behera, telefonoak funtzionatzen jarraituko du –mugikorrek tenperatura handia detektatzen badute, neurriak hartzen dituzte automatikoki; tartean, pantailaren dirdira maila jaitsi edo bere kabuz itzali-, baina eguzkipean luzez geldituz gero, akabo, itzalita badago ere. Egun sargori bateko tenperaturek zure mugikorraren zirkuituak friji ditzakete.