2019ko ekainean, UEUk Humanitate digitalak: aukerak, erakundeen rol berriak eta elkarlana jardunaldia antolatu zuen Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan. Ostiral honetan halaber, Errenteriako Udalarekin lankidetzan, Humanitate digitalak Euskal Herrian I jardunaldiak ondu dituzte, Tresnak sortzen ditugu, tresnek sortzen gaituzte lelopean. Online izango da eta Moodle plataformatik eskainiko da. Matrikula doakoa da.

UEUk jakinarazi duenez, “abenduaren 18an, eta planeta osoko gizarteak kolpatu dituen krisialdi betean lehen jardunaldi haren ondorengo kontzeptuala aurkeztuko dugu: Humanitate Digitalak Euskal Herritik I. Jardunaldiak, edo bere akronimo forman HDEH2020”.

Hala, teknologia digitalek ekarri duten paradigma aldaketarekin batera sortu diren erronkak izango dituzte hizpide 9:30etik 13:30era. “Arazo berriekin batera erantzun berriak ere baditugu, baina 2019an mahaigaineratu genituen galdera askok mahai gainean jarraitzen dute; zertan lagun diezagukete digitalizazioak eta konputazio zientziek? Zentzua al du orain arte egiten ibili garena egiten jarraitzeak? Nola aldatu ditu giza-interakzioak ingurune digitalak? Nola eragiten dio teknologiak ikerketari berari?”

Informazio gehiago: https://labur.eus/RMGjv