Bizkaiko Foru Aldundiko foru entitate Azkue Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren babespean lan egiten duen Game Erauntsia Elkarteak elkarlanean onduta, Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldiaren zazpigarren edizioa egingo da azaroaren 9an, Euskararen Etxean, Bilbon, 09:45etik 13:00etara. Jardunaldia streaming bidez jarraitu ahal izango da EITBren webgunetik zein YouTube katetik.
Aurten, beste behin, lau hitzaldi eta mahai-ingurua izango dira, euskal bideojokogintzaren esparru anitzak aztertzeko asmoz. Gurasoei eta hezitzaileei begira jarriko gara, gazteek jokatzen dituzten bideojokorik ezagunenak zein horien edukiak aztertuz; itzulpengintzaren munduan ere barneratuko gara, bideojokoak euskaratzeko prozesua ezagutzeko; gainera, bideojoko baten argitalpen prozesuan marketingak duen garrantzia jorratuko da; amaitzeko, Euskal Herriko bideojokoen estudio nagusienetakoaren sormen prozesuan barneratuko gara, zehazki, artean eta diseinuan sakonduz.
Jardunaldian jorratuko diren gaiak:
Aurtengo jardunaldian askotariko gaiak aztertuko dira; ohi bezala, bideojokoa eta euskara izango ditugu ardatz, Euskal Herrira begira jarrita. Hasteko, Unai Arrugaeta irakasleak bideojokoak mugatzeko eta erabiltzeko aholkuak plazaratuko ditu. Bigarrenik, Ibai Oihanguren informatikari eta bideojokozaleak itzulpengintzari nahiz euskaratutako bideojokoei buruz hitz egingo digu. Hirugarrenik, Maite Martinez Atabey Creations estudioko kideak bideojokoen marketingari lotutako diseinuaren gakoak eskainiko dizkigu. Azkenik, Mikel Antero Keplerians taldeko arte zuzendariak Glitchmare bezalako bideojokoen sormen prozesua aurkeztuko digu.
Jardunaldiari bukaera emateko, mahai ingurua izango da Digipen Europe-Bilbao Institute of Technology-ko, Harrobia Ikastolako eta Tartanga Lan Heziketarako Zentro Integratuko ikasleen parte hartzearekin.
Egitaraua:
09:45 | Aurkezpena | |
10:00 | Bideojokoak.info: Zertan jolasten dira nire seme-alabak? | Unai Arrugaeta |
10:30 | Euskarazko bideojokoak: itzulpengintza eta bitxikeriak | Ibai Oihanguren |
11:00 | Atsedenaldia | |
11:30 | Bideojoko baten marketing kanpaina diseinatzaile grafikoaren begietatik | Maite Martinez |
12:00 | Arte zuzendaritzaren eginkizunak Euskal Herriko estudio independente batean | Mikel Antero |
12:30 | Mahai ingurua | Digipen, Harrobia eta Tartanga ikastetxeetako ikasleekin |