Booktegik zuzeneko ekitaldiak onduko ditu Euskararen Etxean, Azkue Fundazioaren laguntzarekin. Ekitaldiak irekiak izango dira, nornahi gerturatu ahalko da ekitaldietara, eta Booktegik grabatu egingo ditu, gero bere plataforma digitalean argitaratzeko. Guztira lau ekitaldi ondu ditu Booktegik Bilbon kokatutako Euskararen Etxean.
Festa gonbidatuak izenburuko ekitaldia izango da lehena, otsailaren 20an. Katixa Agirrek Festa gonbidatuak ipuin-bildumaren solasaldi-emanaldia egingo du. Booktegik halaber, liburu hori argitaratuko du egun berean bere plataforman. “Agirrek ipuinetako bat bizpahiru zatitan irakurriko du; etenaldietan, idazle edo kazetari batek galderak egingo dizkio Katixari; bukaeran, entzuleek galderak egiteko aukera izango dute”.
Maiatzaren 8an, Xerezaderen Festa egingo da: “Booktegin hiruzpalau ipuin argitaratuko ditugu bilduma berean. Azala Idoia Beratarbidek egingo du. Ipuinak Xerezaderen Artxibokoek hautatuko dituzte, eta Xerezaderen Artxiboko kideek ekitaldian irakurri egingo dituzte”.
Maiatzaren 14an zutabegileen txanda izango da, Zutabegileen hirukotea: Jose Mari Pastor, Onintza Enbeita eta Xabier Etxaniz Rojo zutabegile lanaz gogoeta egitera etorriko dira Euskararen Etxera.
Azkenik, urrian, Ipuin solasaldia izango da. Aurreko hiruzpalau asteetan hiruzpalau idazlek ipuin bana plazaratuko dute Booktegin. Ipuin bakoitzak enbata hitzari edo kontzeptuari erreferentzia egingo dio nolabait. “Solasaldian idazle bakoitzak bere lanaren inguruan baita besteen gainean ere hitz egingo du. Formatu hau interesgarria izateaz gain, berritzailea izango da”.
Ekitaldiok arratsaldean egingo dira, 19:30akm bueltan. Aurrerago zehaztasun gehiagorekin bueltatuko gara.