Iragan Larunbat goizean, Azkue Fundazioak ondutako komiki digitalen lehiaketako  sari banaketa ekitaldia egin zen Euskararen Etxean, Bilbon. Zazpigarren eta azken edizioaren ekitaldia izan zen.

Tor magoa aritu zen gidari, eta Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusiak eta Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendariak hartu zuten hitza. Ekitaldiaren ondotik, luncha izan zen. Guztira 70 lagun inguru bildu zen Euskararen Etxean. Saritutako lana sarean daude eskuragarri.

Euskararen Etxera bisitan datozen ikastetxeetako taldeekin jarduera osagarri moduan ondu da komiki tailerra. Ikasle taldeak Euskararen Interpretazio Zentroa bisitatu ostean, lantegi praktikoa burutzen dute, beti euskara eta teknologia uztartzen dituena.

Hiru gai jorratzen dira tailerrean: internetek euskaraz aritzeko ematen dituen aukerak, sare sozialetan zaindu beharreko pribatutasun neurriak eta Creative Commons delakoaren eta ezagutzaren partekatzea sarean. Landutako gaiak, beraz, publiko tarte honetarako (Lehen Hezkuntzako 5. mailatik Batxilergora arte) bereziki landutakoak dira, interesgarriak, baliagarriak eta didaktikoak.  Talde bakoitzak horietako gai bat landu du, begirale baten laguntzaz eduki orokorrak aztertuz eta ondoren proposatzen zitzaien komiki digital baten bunbuiloak osatu behar izan dituzte bikoteka. Sormenari eutsi behar izan diote beraz istorioa osatzeko.

Azkue Fundazioko zuzendariak aurreratu zuenez, aurtengoa tailerraren azken edizioa izan da.

sari_taldea