Zuzeneko musika garai berrietara egokitzen ari da. Hala, kontzertuez goza dezakegu etxetik atera gabe, pijama soinean dugula.
Gizartea errealitate berrira egokitzeko prozesuan dago, koronabirus-pandemiaren ondorioz. Hala, prozesu horrek ohitura berriak ekarri ditu, tartean, kontzertu birtualen emanaldiak, pandemia hasi zenean, mundu osoko musikariek doako emanaldi digitalak eskaini baitzituzten.
Negozio horretan jauzi egiteko prestatzen ari den izen nagusietako bat Spotify da. Hala, Danimarkako streaming musikaren erraldoiak funtzio berri bat gehitu du. Aukera berri horren bidez abonatuek kontzertu birtualak ikusteko aukera izango dute, etxetik atera gabe. Enpresak oraindik ez du ofizialki deus iragarri, baina konpainia horretako Jane Manchun Wong ingeniariak funtzionalitate horren berri eman du: Virtual Events deituko da, eta aukera emango die zerbitzuaren erabiltzaileei beren artista gogokoenen kontzertu birtualen data eta ordua ezagutzeko eta zuzenean entzuteko beren gailuetatik.
Zuzenekoak egongelan
Spotifyk ez du gauza handirik zehaztu, baina antza denez, kontzertu esklusiboak plataformaren bidez errentagarri bihurtzeko modu bat izango da. Ez dago argi nola funtzionatuko duen zerbitzuak, baina Spotifyren erabiltzaileek kontzertu birtualak bilatu ahal izango dituzte eta aplikaziotik bertatik gozatu.
Enpresak esperientzia handia du artistak entzuleekin lotzen, eta ondo ezagutzen du esparru hori; esaterako, sarrerak saltzen dituzten plataformekin hitzarmenak sinatu ditu, hala nola Ticketmaster eta Eventbrite, eta, horien bidez, abonatuek zuzeneko kontzertuetarako sarrerak erosten dituzte. Kasu horretan, Spotifyk gauza bera egingo luke, baina modu birtualean eta seguru asko, erabiltzaileentzako eduki esklusiboekin.
Zuzeneko musikaz gozatzeko beste aukera batzuk
Martxoan, konfinamendua hasi zenean, ekitaldi birtual gehienak doakoak izan ziren, egun %80 inguru ordainpekoak dira. Aldaketa horren aurrean, kontzertu-agentzia handiak bi sarrera mota negoziatzen ari dira 2021era begira, presentzialak eta streamingekoak.
Interneteko produktuen harira, liderra ez da beti funtzio gehien eskaintzen dituena, baizik eta erabiltzaile-kopuru handien lortzen duena. Horren adibide bat WhatsApp da, zeina atzean gelditzen den bere lehiakideek eskaintzen dituzten prestazioekin alderatuta. Zuzeneko plataformen kasuan berriz, bi plataforma dira nagusi: YouTube eta Facebook.
Youtube bidez nornahik eman dezake kontzertu bat botoi bakarra sakatuta. Hala, live-streams saioak egiteko Youtuberen aldeko hautua egin ohia da, erabiltzaile asko baititu. 4K-ko erresoluzioa onartzen du, eta 36 orduko saioak egin daitezke etenik gabe. Googlek gainera, monetizazioa ahalbidetzen du iragarkiei eta super chat-ei (zuzeneko dohaintzak) esker.
Facebook bestalde, zuzenean lehiatzen da YouTuberekin, eta zuzeneko emisioetarako plataforma bat ere badauka: Facebook Live. YouTuberekin gertatzen den bezala, Facebook Live naturaltasun handiz integratzen da aplikazioan, botoi baten bidez, eta erabiltzaile ugari dituenez, zuzeneko taldeentzako berezko aukera izan ohi da. Halere, YouTubek baino muga gehiago ditu: zuzenekoen bereizmena 720p-koa da, emisioaren gehienezko iraupena 4 ordukoa da eta monetizazio ez da zuzena, YouTuberekin gertatzen den bezala.
Pandemiak, halaber, Instagram bidezko zuzenekoak ere ekarri ditu: tresna ahaltsua da, audio eta bideo kalitate handikoa. Coldplay taldeko Chris Martinek, esaterako, sarri erabili zuen konfinamenduan jarraitzaileak animatzeko bere kantuen bitartez. Zuzenean eman daiteke ekitaldia, eta bertikala da, produktu mugikorra baita.
Errealitate birtuala ere agertu da musikaren eremuan. Horren adibide, Melody VR-k egindako aplikazioa. Plataforma horri bidez, erabiltzaileak birtualki jo dezake kontzertura —errealitate birtualeko betaurrekoak erabiliz—. Horrekin batera, zein lekutik ikusi nahi duen kontzertua erabaki dezake, bai eta lekuz aldatu ere.
Negozioa
Zenbait agentzien arabera, kontzertu birtualen kontua “aldi baterako trantsizioa” da. Horrekin batera, kontzertu birtualen antolatzaileek akatsen bat ere egin dute emanaldiak burutzerakoan: kontzertu bera hainbat saiotan eskaintzea streaming bidez, kontzertu bera behin eta berriz eskaintzeak ez baitu funtzionatzen ingurune birtualean; ordea, eduki esklusiboak funtzionatzen du. Azken batean, streaming bidezko telebista-plataformek, hala nola Netflixek edo HBOk, aplikatzen duten negozio-eredua errepikatzea da kontua: esklusibotasunez igortzen duten edukia errentagarri bihurtzea. Ez dago argi nola bihurtuko duen Spotifyk funtzio berri hori errentagarri, nahiz eta bere harpidetza abonatuentzat eduki gehigarri bat baino ez den izango.