FTP zerbitzarietan zeuden fitxategien bilaketak egiten zituen Archie-k fitxategi horien izenen bidez, eta egungo bilaketa-motorren oinarriak ezarri zituen.

 Egun, Googlek bilaketa-motorren munduko kuotaren ia %96 hartzen du. Oso urrun daude berriz, Bing (%2,7) eta Yahoo! (%1,14). Bilatzaile konplexuak diren arren, Archiek duela 30 urte erabilitako teknika batzuetan oinarritzen dira.

Archie Interneteko lehen bilaketa-motorra dela esan ohi da. World Wide Web sortu aurretik garatu zen, eta FTP zerbitzarietan gordetako fitxategiak aurkitzeko egin zen.

Google edo Yahoo! web bilatzaileak dira, baina Archie FTP zerbitzarien bilatzailea zen, hau da, fitxategiak gordetzen zituzten zerbitzarien bilatzailea. Hala, 1990. urtea baino lehen, erabiltzaileak FTP protokoloak erabiliz soilik sar zitezkeen webgune batera. Horrek izugarri zailtzen zuen nabigazioa, leku batera sartzeko webgunea zein zerbitzaritan zegoen kokatuta jakin behar baitzen.

Ordura arte, ia ezinezkoa zen fitxategi bat aurkitzea non zegoen zehatz jakin ezean. Fitxategien izenen arabera bilaketak egiten zituen Archie bilatzailea unibertsitateetan eta ingurune akademikoan erabili zen batik bat. Oinarrizko funtzionamendua gaur egun erabiltzen diren bilatzaileen antzekoa zen, baina ez erabat berdina: dagoeneko ez dira FTP fitxategien tituluak bilatzen, world wide web fitxategienak baizik. Orain bilatzaileek webgune guztiak arakatzen dituzte eduki bila, ez dute soilik orriaren titulua bilatzen.

Bilaketa-motor hori Alan Emtage-k garatu zuen. Internet Society-ren kide-sortzailea da, eta Internet Hall of Fame-ko kide ere bada. Horrekin batera, New Yorken finkatutako  Mediapolis enpresako bazkide da. Garai hartan, duela 30 urte, Barbadoseko gazte bat zen, eta Konputazio Zientziak ikasten zituen Montreal hiriko (Kanada) McGill Unibertsitatean. Ikasten ari zela, Archie sortu zuen, archive (artxibo) hitzetik datorkiona. Interneteko software-biltegietan bilatu eta software erabilgarriaren indize moduko bat sortzen zuten programen multzoa zen. Hau da, fitxategi baten izena aurkitzeko datu-basea.

Emtage ez zen 1980ko hamarkadaren amaieran Interneten bilatzeko motor batean lan egiten zuen bakarra, baina Archie izan zen banatu zen lehena, McGill Unibertsitatearen arabera. Eta etorkizuneko bilatzaileentzako oinarriak ezarri zituen. “Bilaketa-motor horien printzipioak garatu zituen Archiek: irten, informazioa berreskuratu, indexatu eta jendeak bila dezan ahalbidetu”, azaldu du Emtagek unibertsitatearen webgunean.