Letrak baino zenbakiak nahiago dituzten erabiltzaileentzat aldaera egokia dago, Nerdle, Wordlen inspiratutako jokoa: eragiketa matematiko bat egin behar da sei ahaleginetan.
Oraingoan, zortzi hutsune daude zenbakiz, 0tik 9ra, eta sinboloz, batuketa, kenketa, biderketa eta zatiketa, betetzeko. Wordlen hiztegian jasotako hitz bat jakin behar bada, Nerdlen eragiketa matematiko zuzen bat sartu behar da.
Hala, laukien koloreek zenbakiak dauden eta ondo kokatuta dauden adierazten dute. Jokoaren webguneak, gainera, pertsona daltonikoentzako modua ere eskaintzen du. Misterioa argitu ondoren, emaitzak partekatzeko aukera ere badago.
Hasieran nahikoa konplikatua izan daiteke; halere, badago jolasaren maila jaisteko aukera, alegia, jolasteko modu sinpleagoa: sartu ezarpenetan, eta “Nerdle mini” aukeratu. Behin aukera hori aktibatuta, denbora-pasak sei zutabe izango ditu, eta ez zortzi.
Wordle, koloretan
Bestalde, erabiltzaile askok Mastermind jokoa gogoratuko zuten Wordle-rekin jokatzerakoan. 1970eko hamarkadan merkaturatutako bi pertsonentzako mahai-jokoa da Mastermind, zeinak lau koloretako sekuentzia bat asmatzea duen helburu.
Ahalegin bakoitzaren ondoren, erabiltzaileari adierazten zaio zenbat kolore kokatu dituen ondo eta zenbat dauden konbinazioan, nahiz eta ez egon dagokien lekuan kokatuta. Wordlen bezala, kasu honetan ahalegin kopuru mugatua da. Gaur egun, online edo mugikorrerako aplikazioen bidez joka daiteke.