Wordle jokoak sekulako arrakasta lortu du mundu osoan. Twitter-en, esaterako, jokoan lortutako emaitzak argitaratzen dituzte mila ka erabiltzaileek egunero, eta gurean, Talaios Kooperatibak euskarazko bertsioa abiatu du. Jokoak istorio bitxia gordetzen du.

Sei saiakera baino gutxiagotan bost letrako hitz bat asmatzean datzan joko adiktiboa mundu osora zabaldu da. Ondorioz, duela gutxi, The New York Times egunkariak erosi du milioi bat dolarretik gora ordaindu ostean, eta ezin jakin doakoa izaten jarraituko duen ala ez, edo etorkizunean jokatzeko modua aldatuko den. Hala ere, jokoak atzean istorio bitxia ezkutatzen du.

Ibilbide laburreko produktua da Wordle, nahiz eta diru kopuru handiak eragin dituen. 2021aren hasieran sortu zen, maitasun harreman bat tarteko: New Yorkeko software-ingeniari Josh Wardle-k sortu zuen bere bikotekide Palak Shah-rentzat, zeina hitz-jokoen zale sutsua zen.

“Word” hitzaren eta jokoaren sortzaile “wardle” abizenaren arteko nahasketa da Wordle. Sortzailearen bikotekideak aste luzez jokatu zuen, eta udan, senide eta lagunen artean zabaldu zuen WhatsApp bidez. Jokoak eragin zien adikzio maila eta desioa aintzat hartuta, Wardlek jokoa zabaltzea erabaki zuen 2021eko urriaren amaieran.

Horiek horrela, 90 jokalari izatetik 300.000 jokalari izatera igaro zen, 2022ko urtarrilaren hasieran. Bi aste lehenago, Gabonak bueltan,

Wardlek bere funtzionalitate ezagunenetako bat gehitu zion jokoari: emaitzak Wordletik zuzenean sare sozialetan partekatzeko aukera.

Jokoak arrakasta handia izanagatik ere, Wardlek publizitaterik gabe mantendu zuen bere webgunea, eta doan eskaintzen jarraitu zuen, The New York Times iritsi den arte. Auskalo zer gertatuko den etorkizunean.