Bideo-jokoak bere katalogoan sartzeko aukera aztertzen ari da Netflix. Horretarako, esperientzia duen zuzendari exekutibo baten bila dabil enpresa, sektore horretan Netflixen hedapenaren buru izan dadin.
Orain arte, gutxitan hurbildu da Netflix bideo-jokoen sektorera; esaterako, lizentziak eman ditu bere produkzio batzuk bideo-joko bihurtzeko, hala nola, Stranger Things edo The Dark Crystal. Era berean, streaming-konpainiak film interaktibo batzuk ekoitzi ditu, hala nola, Black Mirror: Bandersnatch edo Unbreakable Kimmy Schmidt.
Esperimentu horiekiko publikoak erakutsitako jarrera positiboa tarteko, Netflix prest dago harago joateko. Hala ere, Netflixenzuzeneko lehiakideek, tartean Google, Apple eta Amazonek, ez dute zorterik eduki bideojokoen sektorean, eta emaitzak ez dira batere onak izan.
Googlek otsailean itxi zuen Stadia Games, emaitza txarrak lortu ostean bideo-jokoen garatzen; halere, jokoen alokairu-zerbitzuari eusten dio Googlek. Amazon Game Studios ere ez da gai izan sektorean arrakasta handirik lortzeko, batez ere bideo-jokoak sortzerakoan.
Hala ere, Apple Arcade-ren antzeko negozio-eredua aztertzen ari da Netflix; hau da, bideo-jokoak banatzeko plataforma sortzea, bideo-jokoen garapenean jardun gabe. Hala, bideo-jokoen katalogo bat eskainiko luke ordainpeko harpidetzaren bitartez, film eta telesailekin egiten duen bezala.
Netflixek proiektu berri horren xehetasunik zabaldu ez dituen arren, enpresak ez du, seguruenik, bideojokoen katalogoan publizitaterik txertatuko zerbitzua monetizatzeko, harpidetzaz finantzatuko bailitzateke. Haatik, zerbitzu horren plan eta ezaugarri posibleen preziorik ez da ezagutzen.