Euskal Herriko uda berantiarrean zure mugikorra edo ordenagailua ez berotzeko zenbait aholku argitaratu ditugu.

Gailu elektronikoen eta beroren arteko harremana nahikoa txarra da, eta jasan dezaketen beroaren mugara iritsiz gero, funtzionatzeari utz diezaiokete. Halaber, tenperatura handiegiek aparatuen bizitza laburtu ditzakete, mugikorrak, tabletak edo ordenagailuak izan. Bada, udazkenera kalte teknologikorik gabe iristeko honatx aholku batzuk:

Eguzkitik urrun

Zure gailu elektronikoek banpiroak balira bezala eguzkitik urrun egon behar dute. Mugikorra eguzkitan uzten baduzu, seguruenik hondatu egingo da. Horrekin batera, bai mugikorrek, bai tabletek itzaltzeko sistemak aktibatzen dituzte, tenperatura-muga jakin bat gaindituz gero. Beraz, eguzkipean erabiltzen badituzu, bizitza laburtzeaz gain, ezin izango dituzu tarte luzez erabili.

Zorroak beroa ematen die

Gero eta mugikor aurreratuagoak eta garestiagoak egiten dituzte, ondorioz, geroz eta zorro hobeekin babesten dira. Kontua da fabrikatzaileek karkasak diseinatzen dituztela beroa disipatzeko, eta funtzio hori egiteari uzten diote zorro bat jartzen zaienean. Gauza bera gertatzen da eramangarrietako eranskailuekin eta biniloekin: hozte sistemak oztopatzen dituzte.

Kargatu mahai baten gainean

Gomendio horrek ordenagailu eramangarrietarako ere balio du. Mugikorra kargatu behar baduzu, jarri beti gainazal fresko batean, kargatzeak berak berotzen baitu terminala. Udan ordenagailu bat erabiliz gero, eramangarria bada, jarri gainazal hotz batean edo kanpoko aireztapen-euskarri baten gainean. Ez kargatu inoiz hanken gainean edo oihalezko gainazal baten gainean aireztapen-zirrikituak estal baitaitezke.

Ez dago hozteko aplikaziorik

Terminalaren tenperatura jaitsaraziko duten aplikazioak faltsuak dira. Onena bat-bateko prozesuak ixtea da, RAMa arintzeko eta bigarren mailako aplikazioak murriztea, pixkanaka telefonoaren tenperatura igotzen baitute.

Onena eremu aireztatuak dira

Leihotik sartzen den airea oso onuragarria da eramangarrientzat; beraz, leku aireztatuetan mantendu behar dira.

Hautsa garbitu

Gogoratu hautsa ordenagailuaren barruan ere sartzen dela, eta haizagailuak oztopa ditzake ordenagailua kiskali arte. Ez ahaztu noizean behin irekitzea, ondo garbitzeko.

Aldatu ore termikoa

Ore termikoa funtsezkoa da disipatzaileak prozesadorearekin harreman ona izateko eta haren karga termikoa arintzeko. Urte batzuk dituen ordenagailu bat baduzu, oso litekeena da ore hori lehor egotea eta bere funtzioa ez betetzea. Horrek eragin zuzena du ordenagailuaren tenperaturan.

bero