Argazkietan oinarritutako Instagram sare sozial nagusian joera berri bat gertatzen ari da, Photo Dump, zeina Argazkien Zabortegi gisa itzul daitekeen. Argazkien perfekzioa eta itxurakeria baztertu nahi ditu eta itxura eta teknika aldetik perfekziotik urruntzen diren argazkiak argitaratzea sustatzen du. Horrekin batera, akastun argazki asko egitera bultzatzen du.
Bada, ospetsu eta influencer asko dagoeneko sartu dira fenomeno horreta buru-belarri, eta hasi dira gaizki laukiratutako argazkiak argitaratzen, lausoak, mugituak, ustekabean eginak… Argazkiotan agertzen diren subjektuek, gainera, keinu desatseginak egiten edo itxura txarrarekin agertzen dira. Joera berri horrek ere bere arauak ditu: kantitatea kalitatea baino garrantzitsuagoa da.
Photo Dump argitalpenak argazki- eta/edo bideo-bildumak dira, Instagrameko ohiko aukeraketa zainduaren aurkakoak, itxura kaotikoa eta batere zaindua erakusten dutenak. Argazkiok, gainera, ez dira gai zehatz baten inguruan egituratzen; akastunak, askotarikoak eta ehunka argitaratzea da xedea.
Horiek horrela, argitalpenaren presiotik eta edukia prestatzeko lan arduratsutik aldentzen da Photo Dump, eta, nolabait, Instagramek zabaltzen duen irudi eta sentsazio eder, bikain eta perfektuaren kontrako jarrera kontrakulturala dirudi.
Bigarren irakurketa beste hau litzateke: marka batzuek nahiago luketela beren kanpainetan benetakoa den norbait edukitzea. Benetako nortasunaren aldeko apustua litzateke, eta ez pertsona lau, dimentsio bakarreko eta artifizialaren aldekoa.
Bitxiena da analista batzuek antzeman dutela Photo Dump estiloan inspiratutako argazki-bildumak emaitza hobeak lortzen ari direla ikusgarritasunari dagokionez: argitalpen arruntek baino hiru aldiz interakzio handiagoa dute, eta argitalpenetan denbora gehiago ematen duten erabiltzaile gehiago erakartzen dituzte.