Puntu Eus fundazioak bosgarren urtemugaren ospakizun-ekitaldia burutu du gaur, Bilboko Kafe Antzokian, lehenbiziko .eus webguneak sareratu zirenetik bost urte igaro baitira.
Iñaki Goirizelaia Puntu Eus fundazioaren lehendakariak hitza hartu du eszenatokian: “Euskal komunitatearen harrera oso positiboa izan da. (…) 10.000 domeinu inguru lortu ditugu. Proiektua bideragarria da, eta konfiantza transmititzen dugu”.
Leire Palacios kazetaria, bestalde, aurkezle aritu da, eta musika-ikuskizunaz ere gozatu dute bertaratuek, Oreka TX, Mixel Ducau eta Maika Etxekoparren eskutik.
Estreinako .eus domeinuak 2014ko ekainaren 28an sareratu ziren, eta harrezkeroztik, ia 10.000 domeinu erregistratu dira. Kopuru horrek ahalbidetu du domeinuaren prezioa jaistea. Hala, erregistroak eta berritzeak 19 eurotik hasita izango dira.