Twitter-ek pribatutasun-politika zabaldu du bideoak eta argazkiak ere babesteko. Horrela, sare sozialaren erabiltzaileek debekatuta dute beste pertsona bat agertzen den edozein irudi partekatzea, haren baimen espliziturik ez badute. Enpresak dio irudi horiek txiokatuz gero, ageri den pertsonaren pribatutasuna hautsi daitekeela eta kalteren bat eragin diezaiokeela.

Sare Sozialeko  segurtasun-taldeak post bat argitaratu du bere blogean, erabaki horren arrazoiak azaltzeko.  Testuan taldeak aitortzen du pertsona gehienei ez diela inolako kalterik eragiten beren irudiak sare sozialean argitaratzeak.

Hala ere, zehaztu dute irudi horiek emakumeengan, aktibistengan, disidente politikoengan eta gutxiengoen komunitateetako kideengan eragin kaltegarria izan dezaketela

Hemendik aurrera, politika hori Twitter-en indarrean dagoenean, sare sozialak baimenik gabe erabilitako irudi bat duen argitalpena ezabatu egingo du. Horretarako, kaltetuak Twitter-i jakinarazi beharko dio bere irudia baimenik gabe erabili dela.

Txio hori ezabatzeaz gain, Twitter-ek azaldu du kontu arau-hauslearen aurkako neurriak ere har ditzakeela.Hala, erabiltzaile arau-hauslearen txio eta erantzunen ikusgaitasuna murriztuko litzateke, edo, muturreko kasuetan, profilaren etenaldi iraunkorra gerta daiteke.

Twitter-ek azaldu du salbuespen batzuk izango drela:  ez da politika hori aplikatuko irudi horietan pertsonaia publikoak agertzen badira. Kontuan hartuko da, halaber, irudi horiek noiz parteka daitezkeen interes publikoagatik edo haien izaera nabarmenagatik. Kasu horietan, erabakia hartzeko, Twitter-ek kontuan izango du irudi horiek beste bide batzuetatik edo hedabideetatik zabaldu diren.