Bi hamarkadatik gora igaro dira nabigatzaileak gure etxe eta lantokietan sartu zirenetik. Nabigatzaileok sareen sarera konektatzeko ateak izan dira interneten hastapenetatik. Netscape-rekin hasi ginen, gero Internet Explorer-ek merkatua menderatu zuen, eta egun, Chrome da agintari, ondoan Firefox duela. Baina, beste nabigatzailerik etorriko al zaigu? Balizko nabigatzaile berrientzat ba al da lekurik merkatuan?

1996an, Netscape nagusitu zen, Internet Explorer nabigatzailearen aurrean. Garai hartan internauta gutxi ginen, Our World in Data-ren arabera, 50 milioi inguru. Harrezkeroztik, Internetek eztanda egin zuen.

Bigarren errege ahalguztiduna Internet Explorer izan zen. Microsoftek Windows 95-en txertatu zuen, bai eta sistema eragile horren ondorengo bertsioetan ere. Hala, 15 urteko monopolioa ezarri zuen, batez ere Windows 98 eta Windows XP bertsioen ezarpenaren ondorioz.  Microsfotek bete-betean asmatu zuen, baina milioika internauta behartu zituen nabigatzaile hori erabiltzera. Hala, 2013an, 561 milioi euroko isuna jaso zuen monopolio egoera horren ondorioz. Ordurako sare hankaz gora zegoen.

2001ean, Firefox sortu zen, zeinak bi hamarkada baino gehiago daramatza erraldoi teknologikoen aurka borrokan. Filosofia irekia sustatzen duen nabigatzailea da, eta loratu zenean, sekulako ezustea izan zen, Microsoftek merkatuaren %90 bereganatuta baitzeukan.

2004an, Microsoftek merkatu kuota hori handitu egin zuen, %94ra iritsi arte. Apple-k, bitartean, Safari abiatu zuen, baina joera bitxi bat gertatu zen merkatuan: Firefoxen erabilera nabarmen hazi zen. Hala, 2010era arte, Mozilla hiru ordenagailutik batean zegoen instalatuta, merkatuaren %31 bereganatuta.

Hortaz, Microsoften presentzia murrizten hasi zen. Tartean, Opera ere agertu zen, baina ez zuen harrera onik izan. Ezerezetik jaio zen Chrome Googleren nabigatzailea 2009an, eta, pixkanaka-pixkanaka, PC eta eramangarrien erabiltzaileen artean arrakasta itzela izan zuen.

Finean, Chormek internet menderatu du, apurka-apurka bada ere. 2012ko lehen hiruhilekoan Firefox gainditu zuen, eta hiru urtetan, Internet Explorer atzean utzi zuen. Hartara, Chrome jaun eta jabe da gaur gaurkoan, eta merkatua erabat irauli du; esaterako, 2015ean, Firefoxek Internet Explorer gainditu zuen. Egun, Chromek merkatuaren %70 bereganatu du; Firefoxek, berriz, %10.

Egoera hau aldatuko al da? Ez dirudi batere erraza, Firefox, Opera, Brave, Vivaldi eta beste batzuk horretan ari diren arren. Microsoft, bestalde, Microsoft Edge-arekin saiatzen ari da, Chronium-en oinarrituz, aurreko bertsioen desabantailak konpontzeko asmoz.

browsers