Zenbatetan sartu zaituzte WhatsAppeko taldeetan inolako abisurik eman gabe? Eta ondorioz ez zara talde horretatik atera, itxura txarra emango duzun beldur.
Bada, oraindik aurrera ez da horrelakorik gertatuko, WhatsAppek funtzio berri bat erantsi baitio bere aplikazioari: Inork ezin izango zaitu talde batean sartuko, aurretik ez baduzu horretarako gonbidapenik jasotzen.
Aukera hori jada norberaren telefonoan konfiguratu daiteke, bai Androiden zein Iphonen: Doiketak> Kontua> Pribatutasuna.
Pribatutasuna atal horretan hain justu, taldeei dagozkien hiru aukera jasotzen dira. Batetik, inork ez zaitu talde batean sartuko baimenik gabe; bigarrenik, zure kontaktua duen edonork talde batean sartu ahalko zaitu automatikoki, baimenik gabe; eta hirugarrenik, nornahik sartu ahalko zaitu talde batean nahiz eta zuk ez izan haren kontakturik.
WhatsApp funtzio berriak lantzen ari da azken hilabeteotan; esaterako, lanari lotutako txat guztiak isiltzea “oporraldia modua” aukeraren bidez. Haatik, WhatsApp mezularitza aplikazio ezagunena izanagatik ere, beste tresna batzuk hobeak dira, tartean, Telegram.