200dik gora gaztek parte hartuko dute euskarazko unibertso digitala sustatzea helburu duen ekimenean 

  • NOIZ: 2025eko urriak 22, 08:45–13:45
  • NON: Clara Campoamor Zentro Zibikoa
  • NOR: Barakaldoko bi eskolatako Bigarren Hezkuntzako 200dik gora ikasle
  • ZER: 8 lantegi praktiko, 2 hitzaldi interaktibo, Memeka lehiaketa, Egunean Behin jokoaren zuzeneko partida kolektiboa, zozketak eta Sara Zozayaren kontzertua.

Dagoeneko zazpi urteko ibilbidea egina duen XARE egitasmoa bosgarren aldiz iritsiko da Barakaldora.

GAZTEAK, Informazioaren eta Komunikazioaren TEKNOLOGIAK (IKT), eta EUSKARA dira jardunaldi hauen zutabeak, eta horien inguruan ardazten da ekimenaren helburu behinena ere: euskarazko sorkuntza eta baliabide digitalak ezagutarazi nahi ditu gazteen artean. Eta, lanabesak ezagutu ez ezik, ikasleek tresna horiek balioan jar ditzaten nahi du, eta gazteak, hartzaile-kontsumitzaile izatetik, euskarazko ekosistema digitala aberastuko duten sortzaile eta garatzaile izatera pasatu daitezen.

Barakaldoko Udalak eta Azkue Fundazioak babesten duten saio honek Behurko BHI, Minas BHI, Astileku eta Angela Figuera BHI ikastetxeetako Bigarren Hezkuntzako 200dikgora ikasle batuko ditu.

Azkue Fundazioko zuzendari Iurdana Acasusok eta Barakaldoko Udalaren Euskara zinegotzi Iratxe Focesek bertatik bertara jarraituko dituzte jardunaldiaren nondik norakoak, eta parte hartuko dute XARE ekimeneko lantaldeak 09:00etan Clara Campoamor Zentro Zibikoan gazteei egingo dien harreran.

Askotariko edukiak eta formatuak

Hai zuzen, Clara Campoamor Zentro Zibikoan dute hitzordua, eta han hiru gune: IKAS gunea (tailerrak), ERA gunea (hitzaldiak) eta JOLAS gunea. 9:00etatik 13:45ra bitarte, hiru taldetan banaturik eta beste horrenbeste txandatan, ikasleek XARE jardunaldiak dakarren egitarau osoaz gozatuko dute: lanabes digitaletan trebatzeko eta horien aplikazio errealak ulertzeko 8 lantegi; arrasto digitalaz eta sare sozialetan modu arduratsuan jarduteko moduaz hausnartzeko 2 hitzaldi interaktibo; eta Azkue Fundazioak sustatzen duen Memeka Lehiaketan Ainhoa Etxebarria aktorearen eskutik parte hartzeko tartea, nahiz Egunean Behin jokoaren zuzeneko partida bat ere.

Musika autoekoizteko hastapen-lanabesak, argazki-teknika berriak, robotika, bideojokoak, errealitate birtuala, app-ak nork bere neurrira sortzeko lanabesak, Adimen Artifiziala, pribatutasuna Sarean… askotarikoak dira gazteek jorratuko dituzten gaiak. Eta euskarazko unibertso digitala elikatzen diharduten profesional eskarmentudunak arduratuko dira XARE programa osatzen duten jarduera horiek guztiak gidatzeaz, euren grina kutsatu nahi diete gazteei: ERAGIN komunikazioa, TALAIOS kooperatiba, ELURMALUTA proiektu artistikoak, GISA software librearen aldeko elkartea, EMAIZE sexologia zentroa, CODESYNTAX, PROTOMAKERS club, KATUBI ikus-entzunezkoak, GAME ERAUNTSIA euskarazko bideojokozaleak, Dj MAKALA eta AINHOA ETXEBARRIA aktorea, besteak beste. Zuzeneko musikak ere izango du tartea: 10:45ean, Sara Zozoya musikariak kontzertu akustikoa emango baitu parte-hartzaileentzat.