Xerezaderen Artxiboaren beste lau audio “zoragarri” plazaratu ditu Booktegi plataformak: Anakabe kapitainaren balada, Istorio hiperlaburrak, Mario Benedetti, Eduardo Galeano, Augusto Monterroso eta Julio Cortazar; Emakumeen estatus intelektuala, Virginia Woolf eta Portugesezko poemak, Fernando Pessoa.

Agustin Gorrondatxena Murgialdai ikertzailea Anakabe kapitainaren balada lanaren protagonista da: “balada ezezagun bat aurkitu du Lekeition, honela hasten dena: Esaustazue bai Anacabe, ero kapitan Acabe Galdu nebazan ontzi gizonak, osasune eta burue…”.

Mario Benedetti, Eduardo Galeano, Augusto Monterroso eta Julio Cortazar idazleen kontakizun laburrak biltzen ditu Istorio hiperlaburrak audioak. “Testu trinkoak dira, batzuetan epigrama edo teorema modukoak. Sarritan, konturatzerako amaitu egin dira, eta aho zabalik uzten gaituzte, aurrean zabaltzen zaizkigun posibilitate harrigarriez zorabiaturik”.

1920ko udazkenean Arnold Bennetek liburu bat argitaratu zuen emakumeen gaitasun intelektualari buruzkoa. “Bertan esaten zuen begi bistakoa zela emakumeak gizonak baino buru motelagoak direla”. Emakumeen estatus intelektuala Virginia Woolfen erantzuna da.

Portugesezko poemak, azkenik, Fernando Pessoak “bere izenez sinatu zituen idazlan batzuk (biltzen ditu), heteronimoen mozorrorik gabe”.

woof_zuz