Durangon, Basaurin eta Derion burutu ondoren, asteburu honetan, Zallan eta Amorebieta-Etxanon egingo dira Youtubeskolak tailerrak. Zallako tailerra larunbatean egingo da, Gazte Zentroa Abian; Amorebieta-Etxanon, aldiz, bi lantegi egingo dira, larunbatean eta igandean, Zelaieta Zentroan. Ekimena Azkue Fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ondu dute,
Ekimenean parte hartuko duten gazteek aukera izango dute YouTuben bideoak sortzeko, editatzeko, produzitzeko eta post-produzitzeko eta kanalak sortzeko eta kudeatzeko. Ikastaroetan gai interesgarriak landuko dira benetako youtuber bihurtu nahi dutenentzat, esaterako: Youtuben kontu bat sortzeko urratsak; izena ematea youtubeko kanaletan, profila pertsonalizatzea, grabaketak eta muntaiak egitea, musika jaistea eta post-produkziorako beste pertsona batzuen irudiak erabiltzea, bisualizazio gehiago izateko estrategiak…
Ikastaroak zortzi orduko jardunaldi bakarrean egiten dira. Lantegia behin amaituta, parte-hartzaileek bideo bat diseinatzeko, garatzeko eta argitaratzeko behar diren gaitasun teknikoak eskuratuko dituzte. Hartara, jardunaldi berean prozesu tekniko osoa barneratzen dute.
LEHIAKETA ETA JAIA
Youtubeskolak proiektuaren baitan, halaber, Youtube bidezko lehiaketa bat abiatuko da, euskaraz. Euskal Herriko 13 eta 16 urte bitarteko gazteek parte hartu ahalko dute lehiaketan.
Horretarako, parte-hartzaileek gai zehatz baten inguruko bideo bat egingo dute, zeina objektu eta esaldi batekin osatuko den; esaterako, objektua, egurrezko koilara bat eta esaldia, “aurrerapen teknologikoak izugarriak dira!”.
Lehiaketa abiatuko den egunean bertan, urriaren 28an, iragarriko dugu zein gairen inguruan ardaztuko den lehiaketa.
Bideoen gehienezko iraupena minutu bat eta erdikoa izango da, eta partehartzaileek haien Youtube kanaletan argitaratu beharko dituzte, gero lehiaketara aurkezteko.
Bideoak aurkezteko epea urriaren 28tik azaroaren 24ra bitarte izango da. Izen-ematea youtubeskolak.eus webgunearen bitartez egingo da. Bertan, inskripzio-fitxa bat izango da, eta partehartzaileek bideoaren esteka bidali beharko dute datu pertsonalekin batera. Nahi beste lan aurkez daitezke, bakarka edo taldean.
Aurkeztutako bideoak Azkue Fundazioaren lantaldeak aztertuko ditu. Ez dira onartuko eduki iraingarriak biltzen dituzten lanak: giza eskubideen urraketa, bortizkeria, irainak, arrazakeria, sexismoa edota errespetu faltak. Hortaz, behin izen-ematea burututa, partehartzaileek antolatzaileen onespena jaso beharko dute partaidetza baieztatzeko.
Sariak hauexek izango dira: 13-14 urte bitartekoentzako Sari Nagusia eta 15-16 urte bitartekoentzako Sari Nagusia. Hirugarren sari bat ere izango da, Youtuber Bizkaitarraren Bideorik Onena. Bi irabazleek Iphone 7 Plus bana jasoko dute, eta Youtuber Bizkaitar onenak, berriz, kamera bat, GoPro Hero 7 Black.