Espazioa, osasuna, pribatutasuna, estatu eta enpresa handien arteko sinbiosiak hartzen dute protagonismoa faro berri honetan. Paradigma berriak behar ditugu, baina momentuz eztabaida aurreratu batzuk bakarrik daude mahai gainean.

Gure datuen pribatutasuna eta segurtasunaren alorra osasun publikoko arazo bat bezala tratatzen hasi behar dugula argi dago. Norbanako batek bere datuak hedatzen dituenean, besteak ere kaltetzen ditu. Bestela ere, nahiko eraso eta arazo daude gobernu eta enpresen aldetik pribatutasun hori zaintzeko. Hala ere, AEBetan behintzat badirudi garrantzi gutxi ematen diotela, poliziek aurpegi erazagupena erabiltzeko adostasuna zabala da adibidez. Beste leku batzuetan, horrekiko dagoen onarpen soziala askoz txikiagoa da, baina kasu horietarako ere beste identifikazio metodoak garatzen ari dira.

Mundua mugitua dago, estatuek beren botereetan gotortzen dira, hauek zalantzan jartzen ari badira ere; gero eta autoritarioagoak diren erregimenak elikatuz. Estatu erakundeek, bereak ziren eskumenei konpetentzia egiten diotenak badira, adibidez txanponen kasuan. Gudan ere gero eta partaide gehiago dago, gero eta eskuragarriak diren teknologiekin erasoak egin daitezkeelako. 3D inprimagailu baten bidez armak ekoitzi edota drone bidezko eraso batek petrolio produkzioaren parte garrantzitsu bat eten dezakeen garaietan bizi gara. Zibererasoak gero eta ohikoagoak dira, Googlek, Apple sakelakoei eragiten dion eraso masiboa kasu. Gerra eta gatazkak dira fondoko musika, baina Europan behintzat balizko AEB eta Errusia arteko guda batean neutraltasuna nagusitzen da oraindik.

 Espaziora begira gaude, gure planetaren ibilbidea amildegia balitz bezala. Izar arteko objektuak detektatzen ditugu edota espaziorako igogailuak posible direla amestu. Urruneko planetetan ura topatu nahi dugu, bizitza zantzuak edo auskalo zer. Gure etxeak bertan eraikitzeko amesten, porlana egiteko teknikak entseatzen ditugu edo gure DNA ilargira bidaltzeko prest gaude, bigarren bizitza baten metaforan sakonduz.

Planetaren osasunari begira, kanpo begirada nagusitzen den bitartean, jendartean barrura eta bereziki osasunari begiratzen dio eta eskerrak. Osasuna asko aldatzen ari da eta onerako teknologiari esker. Urruneko ebakuntzak egin daitezke orain, enbor-adar bat falta dutenek errazago ibili ahal izango dutela dirudi eta giltzurrunak gorputzetik kanpo bizirik mantentzea ere lortu omen dute. “Garun txikiak” sortu eta neurona elkarketa hauek nola erreakzionatzen duten ere ikertzen ari dira laborategietan eta lehen urteak kostatzen bazen botika posible bat topatzea, adimen artifizialaren bidez gero eta azkarrago aurkitzen dira soluzio egokiak. Hala ere, gure nagusientzat ahots morroiek gero eta garrantzia gehiago izateak zerbait ere esaten du gizateriaren inguruan.

Dena dago zalantzan: kontratu sozial berri bat beharrezkoa dugu; algoritmoz gidatua edo lagundua izango bada gure jendartea gardena izan beharko du; adimen artifizialaren etika bat garatu behar dugu eta burujabetza teknologikoaren bidea ere urratu behar dugu dependentzia totalean eroriko ez bagara. Antropozenoan baino, Kapitalozenoan gaude, Cthulhuzenoan sartzeko itxaron zerrendan.

faro_333333