Euskal bideo-joko zale komunitateak, Game Erauntsia Elkartearekin batera, euskara eta sortzaile euskaldunak ikusarazteko kanpaina abiatuko dute Twitch online zuzeneko emankizunak egiteko plataforman.

Ekimena azaroaren 28an hasiko da, eta astebetez hainbat euskal sortzaile sustatuko dira. Azaroaren 5ean 24 orduko maratoia emitituko da. #3000Twitz kanpainak Naiz Irratiaren babesa dauka.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, kanpainaren izenak Twich aipatzen du, plataforma horrek euskara hizkuntza ofizialtzat har dezan. “Katalana hizkuntza ofiziala bihurtu zen Twitz-en, 3.000 boto inguru lortu ondoren. Horrela bada, kanpainaren helburua 3.000 boz lortzea da”.

Kanpainaren baitan biltzen diren jardueren harira, azaroaren 28tik abenduaren 4ra bitartean hainbat zuzeneko emanaldi egin eta zabalduko dira: bideo-jokoen partidak, gitarra saioak, irratsaioak, umore-saioak, hitzaldiak eta rol partidak. “Euskal bideo-joko komunitateko streamer-ez gainera, hainbat kultur eta gizarte eragilek beraien edukiak gehituko dituzte, besteak beste, Sutan Bang kolektiboa, Baxe Nafarreko Kanaldude tokiko telebista eta Naiz Irratia”.

Abenduaren 3an, euskararen egunenean, Arkkuso eta Aiora Probatxoa youtuber-ek eta Nebukai streamer-ak elkarrizketa saio bat antolatu dute. Abenduaren 5ean amaituko da kanpauna 24 orduko maratoiarekin batera; Game Erauntsia Elkarteak Rocket League bideo-jokoaren txapelketaren finala eskainiko du zuzenean, besteak beste.

Informazioa zabaltzeko @3000Twitz Twitter kontua erabiliko da, eta YouTuben bereziki sortutako kanalean, euskaraz sortzea bultzatzeko tutorialak eskainiko dira

Amaitzeko, Twitch 2011n sortu zen. Online zuzeneko emankizunak egiteko plataforma da. Bideo-jokoetan berezitua dago eta egunero milioi eta erdi ikusle baino gehiago biltzen ditu. “Gaur egun Twitchen 34 hizkuntz hautatu daitezke emisioa egiterakoan, baina euskara ez dago zerrenda horretan. Euskara hizkuntza ofiziala bihurtzeak euskal sortzaileen edukiak iragazteko aukera dakar”.