Ipuin-afaria liburuak Garbiñe Etxanizeren errezetak, Joseba Zubizarretaren ipuinak eta Marrabilaren ilustrazioak uztartzen ditu. Panda bat izan nahi diot, halaber, Nere Gabantxok irakurle gazteentzat idatzi eta marraztu duen lana da: “Jonek panda izatearekin amezten dau. Baina panda baten moduan bizitzeak badu bere gauza onak eta txarrak”.
Ipuin Afaria liburuaren harira: “gogorra da hau hemen idaztea, gogorra eta desegokia ziurrenik. Baina zintzotasunari zor, errezeta liburuak iruzur hutsa direla esan behar dut. Ia beti, osagai denak egoki azaltzen dira bere gramo eta bolumen zehatzetan. Prozesua ere zehatz mehatz azaltzen da, mozteko modua, nahasteko era eta pauso bakoitzaren denbora zehatzak azalduz. Errezetan idatzikoa adina garrantzitsua da esan gabe doana orduan. Norberak berearekin bete behar du esan gabe doana. Literaturan bezala. Iruzur hutsa”.
Booktegik eta Azkue Fundazioak, bestalde, lankidetza adostu dute idazleen elkarrizketak biltzen dituen ElkarrizKatea saioaren denboraldi berria babesteko asmoz. Aurten, Iban Zaldua, Uxue Alberdi, Gotzon Barandiaran, Oier Guillan, Ana Malagon, Edorta Jimenez, Laura Mintegi eta Idurre Eskizabel eseriko dira Booktegiko ElkarrizKatea saioko aulkietan, Azkue Fundazioaren babesean. Ana Galarragak gidoiak prestatuko ditu, baita idazleen biografiak aurkeztu ere.