Youtubeskolak egitasmoa abian da. Proiektuaren helburua gazteek euskarazko edukiak sortzea da interneten, Youtube kanala erabiliz. Horretarako tailerrak eta lehiaketa bat egingo dira.
Tailerrok urrian egingo dira Bizkaiko bost udalerritan: Durango, Basauri, Derio, Zalla eta Amorebieta-Etxano. Ekimena, hain justu, Basauri, Durango eta Amorebieta-Etxanoko Udalekin eta Enkarterriko eta Txorierriko mankomunitateekin lankidetzan burutu da. Bada, Youtubeskolak Derion, Amorebieta-Etxanon eta Zallan egongo da, herri horietako gazteen artean proiektu ezagutarazteko asmoz.
Hala, gaur, 11:15ean, Youtubeskolak egitasmoaren ordezkari Iban Garcia eta Ane Atxutegi Derioko Institutuan izango dira. Biak ala biak youtuber gazte eta euskaldunak dira. Bihar, halaber, Amorebieta-Etxanoko institutuan izango dira, 14:30ak aldera, eta, azkenik, etzi, Zallako Euskadi Plazan izango dira 17:00ak aldera.
Kale-animazio horien xedea da egitasmoa ezagutaraztea eta ondorioz herri horietan partaidetza sustatzea.
LEHIAKETA
Gogoratu, proiektu honek bigarren zati bat izango duela, Euskal Herri osora zabalduko den Youtube bidezko lehiaketa. Bideoak aurkezteko epea urriaren 28tik azaroaren 24ra bitarte izango da. Sariak hauexek izango dira: 13-14 urte bitartekoentzako Sari Nagusia eta 15-16 urte bitartekoentzako Sari Nagusia. Hirugarren sari bat ere izango da, Youtuber Bizkaitarraren Bideorik Onena. Bi irabazleek Iphone 7 Plus bana jasoko dute, eta Youtuber Bizkaitar onenak, berriz, kamera bat, GoPro Hero 7 Blac.