Bizi dugun osasun-egoera tarteko, B-Tuber gazteen aisialdirako euskarazko programa sarean egingo dute Bilboko Udalak eta Azkue Fundazioak.
Bilboko Udalak eta Azkue Fundazioak ondutako B-Tuber programa sarean garatuko da. Tutorial formatuko euskarazko lau bideo dira, eta Bilboko Udalaren Youtube kanalean daude ikusgai.
Ekimenaren bidez gazteek hainbat kontu ikasiko dituzte: ikus-entzunezko edukiak nola partekatu, sortu eta editatu, bai eta Youtube sare sozialean segurtasunez aritu ere.
Euskararen erabilera sustatzen duten gazteen aisialdirako alternatibak sortzea du xede ekimenak. Horrekin batera, euskarazko edukiak sortu nahi dira, Interneten dagoen euskarazko eduki kopurua handitu eta osatzeko.
B-Tuber programako bideo-tutorialak ikustea doakoa da, 11 eta 13 urte arteko adingabeei zuzenduta daude; Bilboko Udalaren Youtube kanalean daude ikusgai.
Tailer digitala Ane Atxutegi youtuber gazteak zuzenduko du, eta besteak beste, gai hauek landuko ditu: Youtube kanaletan izena ematea, profila pertsonalizatzea, grabaketak eta muntaiak egitea, musika jaistea, zenbait irudi postprodukziorako erabiltzea eta norbere bideoak jende gehiagok ikusteko estrategiak bilatzea.