Eusko Jaurlaritzak eta Tecnaliak 300.000 euro bideratuko dituzte kultura eta sormen industrien digitalizazioa bultzatzeko.
Gaurtik apirilaren 30era bitartean eskabideak aurkezteko epea zabalik dago.
Sektorearen lehiakortasuna hobetzea eta produktu zein zerbitzu-berritzaileak garatzeko espazio berriak sortzea da helburua.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Tecnaliak KSITek izeneko programa abiatu dute lankidetzan. Kultura eta sormen industrien (KSI) esparrura bideratutako ekimenaren xedea KSIen eta teknologia sektorearen arteko elkarlana bultzatzea da, betiere merkatu globalenetarako sortutako produktu eta zerbitzu berritzaileak eratzeko eta sinergiak eta aukera eta garapeneko espazio berriak sortzeko.
Euskoa Jaurlaritzak jakinarazi denez, ekimen honek KSI sektorearen eraldaketa digitala erraztuko duten proiektuak identifikatu nahi ditu izan ere teknologiak balio erantsia emango die enpresak eskaintzen duten egungo produktuen eta zerbitzuen diseinuan, ekoizpenean, sorkuntzan, banaketan, erakusketan, kontsumoan eta elkarreraginean. KSITek programaren bitartez laguntza jasoko duten enpresen lehiakortasuna hobetuko da eta negozio-eredu berriak sortzen lagunduko die. Teknologia hauetan oinarritutako irtenbideak garatu beharko dituzte parte hartzen duten enpresek:
- Multimedia edukien prozesamendua (edukiak lortu, indexatu eta berreskuratu, streaming eta broadcast plataformak, jabetza intelektuala eta eskubide digitalen kudeaketa).
- Ordenagailuzko grafikoak (animazioa, rendering, Errealitate Birtuala eta Handitua, joko serio eta interaktiboak, BIM).
- Konputazio mugikorra eta nonahikoa (Gauzen Internet-a, wearableak, testuinguruan oinarritutako konputazioa, hodeiko konputazioa, dronak, jantzi adimendunak).
- Konputagailu bidezko ikusmena (irudien prozesamendua, pertsonen jarraipena, mugimendua atzematea, 3D-ko berreraiketak).
- Datu-analisiak (Big Data, datu-meatzaritza, analitika deskriptibo, prediktibo eta preskriptiboak, Open Data, ikusmenezko analitikak).
- Hizkuntza-teknologiak (hizketa naturalaren prozesamendua, mintzamenaren prozesamendua, elkarrizketa sistemak, itzulpen automatikoa, sentimendu-analisia).
Interesa dutenek martxoaren 1ean hasi eta bi hilabetez, apirilaren 30era bitartean, izango dute proiektuak aurkezteko epea www.euskadi.eus atarian. Onartutako ekimenek 5.000 eta 10.000 euro arteko diru laguntza jasoko dute.