Bilboko rBorn Games garatzaileak bere lehen bideo-jokoa kaleratu du gaur. The Five Covens jokoan magia eta puzzleak bilduko dira erronkez jositako abenturan. Fantasiazko Erdi Aroko mundu euskaraz gozatzeko aukera edukiko dute jokalariek, euskaratuta argitaratu baita.

Game Erauntsiak jakinarazi duenez, PlayStation 4rako plazaratu dute The Five Covens PlayStation Talents Games Camp egitasmoaren babespean garatu ondoren.

Garatzaileek “bideo-jokoen lehen hiru dimentsioko abentura klasikoetara hurreratu” nahi izan dute The Five Covens jokoarekin. “Gaur egungo jostagarritasunarekin zein ikus-entzunezko atalarekin”. Etxeko txikienei zein helduei zuzendutako jokoa dela nabarmendu dute: cartoon estiloko estetika daukan arren, adin guztietako publikoa erakartzea bilatzen dute, “generoko obra handiak gogora ekartzen dituzten ezaugarriak gehituta”.

“Garatzaileak izan aurretik kontsumitzaileak izan direla”, azaldu dute bideo-jokoaren arduradunek, eta bideo-joko bat garatzen duten lehen aldia izangatik ere, industria ondo ezagutzen dutela diote. Unity motor grafikoa erabilita garatu dute proiektua. Bideo-jokoa PlayStation Talents Games Camp ekimenaren baitan garatu dute rBorn Gamesekoek.

Informazio gehiago: gamerauntsia.eus.