Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta PuntuEUS Fundazioak Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoan, egindako ekitaldi batean aurkeztu dituzte erakunde bien arteko elkarlanerako ildoak. 2022-2023 epealdirako jardueren helburua gizartean eta eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera ingurune digitalean sustatzea eta .EUS domeinuaren presentzia areagotzea da. Horretarako, 2022. urtean  Eusko Jaurlaritzak 50.000 euroko ekarpena egingo dio PuntuEUS Fundazioari eta laguntza teknikoa ere eskainiko dio garatuko dituen egitasmoak aurrera eramateko.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Iñaki Goirizelaia PuntuEUS Fundazioko lehendakaria aurkeztu duten elkarlanerako programak bi helburu nagusi ditu:

  • Eremu sozioekonomikoa: enpresetan .EUS domeinuaren erabilera indartu eta euskararen erabilera euren ingurune digitalean areagotzea.
  • Arlo pertsonala: erabiltzaileen gailu elektroniko pertsonalak euskaratzea.

Eremu sozioekonomikoan lau esparruren arabera antolatu dira lehentasunak. Batetik Hizkuntza Politika Sailburuordetzarekin harreman zuzena duten erakunde pribatu askotarikoak daude, bestetik enpresa elkargoak eta beraien bazkideak, hirugarrenez merkataritza eta ostalaritza finkatu dira eta azkenik enpresa txiki eta ertainak.

Esparru desberdinetako erakunde eta enpresen domeinuak aztertu, .eus domeinua txertatzeko bidea landu eta euren eremu digitalean euskara sustatzeko estrategiak nahiz eman beharreko pausuak zehaztuko dira. Zeregin horietan Kultura eta Hizkuntza Politika saila eta .EUS domeinua elkarlanean ariko dira entitate zein erakundeak erakarriz eta jarraipena eginez. Honetan laguntzeko trebakuntza saioak egingo dira eta behar dutenei laguntza teknikoa eskainiko zaie. Horretarako PuntuEUS fundazioak hainbat baliabide eskainiko dizkie enpresa eta erakundeei, hala nola, .EUS domeinua doan edo webgunea automatikoki itzultzeko plugin-a.

Arlo pertsonalari dagozkion ekintzak zehazteko, hau da, eremu digitalean euskara  erabiltzaileen hizkuntza nagusia izatea sustatzeko, lehenik eta behin egoeraren azterketa bat egingo da. Ondoren hainbat komunikazio ekintza egingo dira .EUS domeinuaren erabilera sustatzeko edo eta nabigatzaileak eta gailu elektronikoak euskaraz konfiguratzeko.

 

Informazio gehiago, hemen.