Donostian, Arte teknologikoa eta STEAM gaiaren inguruko jardunaldia ontzeko deialdia ireki du Asmoz Fundazioak. Ekimenean parte hartzeko epea uztailaren 5ean amaituko da (egun hori barne). Artista, ikasle, irakasle eta jardunaldian jorratuko den gaian interesatuak dauden pertsonei zuzendutako deialdia.

Asmoz Fundazioaren arabera, “Arte teknologikoaren eta haren praktikaren aldeko apustua egiten duten eta lan edo ikerketa begirada feminista duten pertsonen bila gabiltza, arte teknologikoari eta STEAM gaiaren inguruko jardunaldi batean parte hartzeko. Arte teknologikoaren edozein adar lantzen duten artista berrien edo ikertzaileen bila gabiltza: arte interaktiboa, arte sortzailea, arte digitala, arte performatiboa, instalazioak, adimen artifiziala, soinu-artea, forma narratibo berriak, NetArt…”.

Jardunaldia bi zatitan egitea aurreikusi dute: lehenengoa, aurkezpen-ekitaldia izango da, partaideak eta haien egitasmoa ezagutzeko asmoz; bigarrenak, berriz, lantegi formatua izango du, “bakarkako tailerra, erakusketa-tailerra, talde-tailerra, esperientzia-tailerra…”.

Jardunaldiaren helburuak:

  • Sortzaileen lana ikusgai jartzea artearen eta teknologiaren munduan STEAM ekimenen A osagaiaren (Arteak) garapena sustatzeko.
  • Emakumeak artearen munduan duen zeregina ikustaraztea
  • Ezagutza partekatuen espazioa sortzea.
  • Teknologia eta artea gizartera hurbiltzea.
  • Ikusleen eta artisten eta haien obraren arteko elkarreragina sustatzea.
  • Artista berrien lana ikusgai jartzea.

Informazio gehiago, hemen.