Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendaria eta Iratxe Foces, Barakaldoko Udaleko euskara zinegotzia Xare Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldiko harrera ekitaldian hitza hartuko dute bihar, martxoak 16, Barakaldon. Ekimen honen bultzatzaile diren bi instituzioak arduratuko dira parte hartuko duten 200 gazteei ongietorria emateaz.

  • Harrera 9:00etan izango da bihar, martxoak 16, Clara Campoamor Zentro Zibikoan.
  • Xare egitasmoak euskararen erabilera sustatu nahi du IKTen alorrean eta, oro har, kultura digitalaren esparruan.
  • Eguerdiko 13:45era bitarte, Batxilergoko 1go mailako 200 ikasle trebatuko dira zortzi lantegi praktiko, bost aurkezpen eta bi hitzaldi interaktiboetan.
  •  Xare bigarren aldiz iritsiko da Bizkaira. 2019an antolatu zen lehen edizioa Durangon, arrakasta handiarekin. Covid-19ak eragindako larritasun egoerak, ordea, bi urteko etenaldi bat derrigortu zuen eta ezinezkoa izan da orain arte egitasmoari segida ematea.

  Euskarazko kultura digitala sustatu eta ezagutarazteko helburua duen Xare egitasmoaren bultzatzaile diren bi instituzioak arduratuko dira bertan parte hartuko duten 200 gazteei harrera egin eta ongietorria emateaz.

Euskara IKTen sektorean eta gazteen mundu naturala den unibertso digitalean txertatzeak duen garrantziaz  ohartuta, Iudana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendaria eta Iratxe Foces, Barakaldoko Udaleko euskara zinegotzia, hitzordura hurbilduko dira.

Harrera ekitaldia 9:00etan izango da Clara Campoamor Zentro Zibikoan. Eta, 13:45etara bitarte, lau ikastetxe ezberdinetatik etorritako Batxilergoko 1go mailako 200 gaztek hartuko dute parte 3 gune ezberdinetan zehar sakabanatutako ekintzetan.

Interesgune nagusia Era Aretoa (Auditorioan) izango da, teknologia berriez egiten dugun erabileraren inguruan hausnartzera bideratutako gunea, hain zuzen. Maider Likona (Gipuzkoako Software Askea elkartea) eta Ane Ortiz sexologoak (Emaize) hitzaldi interaktibo bana emango dute pribatutasunaren eta sare sozialen bidezko harremanen inguruan, hurrenez hurren. Izan ere, teknologia berriak gero eta gehiago erabiltzen ditugu gure bizitzako eremu intimoenetan ere, eta horregatik da garrantzitsua erabilera horren (ona, erdipurdikoa ala txarra) ondorioak ezagutzea eta kalteak saihestea.

Info Aretoan (Hitzaldi aretoan) euskarazko kultura digitalaren esparruan aitzindari izan diren eta egun lanean diharduten 5 proiekturen inguruko aurkezpen labur (15’) bana entzungo dute ikasleek, tartean, Puntueus Fundazioa, Egunean Behin jokoa, Gatazkarik gabeko teknologia (Alboan), Ahotsak edota Euskal Wikilarien Elkartea.

Eta Ikas Aretoan, bestalde, zortzi lantegi praktiko izango dituzte aukeran app diseinatzaileekin, musikagintzan, robotikan, 3D inprimagailuekin, memegintzan,  errealitate birtualean, argazkilaritza mugikorrarekin edota bideomappingean trebatzeko.

Egitaraua, hemen.

xare