Bizkaiko Foru Aldundiak eta Azkue Fundazioak Youtube-ri buruzko ikastaroak ondu dituzte urrian, Bizkaiko bost udalerritan. Ekimena Basauri, Durango eta Amorebieta-Etxanoko Udalekin eta Enkarterriko eta Txorierriko mankomunitateekin lankidetzan burutu da. Horrekin batera, Youtube bidezko lehiaketa bat abiatuko dute urrian eta azaroan, Euskal Herriko 13 eta 16 urte bitarteko gazteentzat.
Ekimena gaur aurkeztu da Euskararen Etxean, Bilbon. Ekitaldian ondokoek parte hartu dute: Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatua, Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendaria, eta Iban Garcia eta Ane Atxutegi Youtuber gazteak, biek ala biek proiektua sustatzeko abiatutako kanpainaren irudia osatzen dute. Horrekin batera,Ima Garrastatxu Durangoko alkatea eta Josu Amdoñi Begoña Txorierriko Mankomunitateko presidentea ere izan dira.
YOUTUBESKOLAK
YouTuben euskararen erabilera zabaltzeko asmoarekin sortu da Youtubeskolak; izan ere, Youtube da gazteek euren aisian ikus-entzunezko edukiak ikusteko, partekatzeko eta trukatzeko gehien erabiltzen duten kanaletako bat.
Ekimenean parte hartuko dutenek aukera izango dute YouTuben bideoak sortzeko, editatzeko, produzitzeko eta post-produzitzeko eta kanalak sortzeko eta kudeatzeko. Ikastaroetan gai interesgarriak landuko dira benetako youtuber bihurtu nahi dutenentzat, esaterako: Youtuben kontu bat sortzeko urratsak; izena ematea youtubeko kanaletan, profila pertsonalizatzea, grabaketak eta muntaiak egitea, musika jaistea eta post-produkziorako beste pertsona batzuen irudiak erabiltzea, bisualizazio gehiago izateko estrategiak…
Ikastaroak zortzi orduko jardunaldi bakarrean egingo dira. Lantegia behin amaituta, parte-hartzaileek bideo bat diseinatzeko, garatzeko eta argitaratzeko behar diren gaitasun teknikoak eskuratuko dituzte. Hartara, jardunaldi berean prozesu tekniko osoa barneratuko dute.
Izen-Ematea
Izen-ematea www.youtubeskolak.eus webgunearen bidez burutuko da, irailaren 13tik 30era bitarte. 13 eta 16 urte bitarteko gazteek parte hartu ahalko dute; hain zuzen, 2003, 2004, 2005 eta 2006 urteetan jaiotakoek, eta izena emateko, webgunean jasotako inskripzio-fitxa betetzea baino ez dago.
Udalerrietan bi tailer egingo dira, eta tailer bakoitzean 15 plaza izango dira, guztira 30 plaza. Eskaerak plazak baino gehiago balira, zozketaz izendatuko dira. Zozketak tokian toki kudeatuko dira. Youtubeskolak.eus webgunean udalerri eta mankomunitateekin harremanetan jartzeko kontaktuak biltzen dira.
Ikastaroen lekuak eta datak.
Durango: Urriak 5 edo 6, Udal Euskaltegiko Berbagunean.
Basauri: Urriak 5 edo 6, Basozelai Gaztegunean.
Derio: Urriak 19 edo 20, Kultur Birikan.
Zalla: Urriak 26 edo 27, Gazte Zentroa Abian.
Amorebieta-Etxano: Urriak 26 edo 27, Zelaieta Zentroan.
Ordutegia: 9:30etik 18:30era, bazkaria etxetik eraman beharko da.
OHARRA: 13 eta 16 urte bitarteko gazteek parte hartu ahalko dute. Partaidetza zabala da, edonork eman dezake izena, nahiz eta ez egon erroldatuta udalerri edo eskualde horietan.
Kale animazioa
Udalerriotan, halaber, kale animazioa egingo da partaidetza sustatzeko asmoz. Kaleko jarduera horietan kanpainaren irudi diren Ane Atxutegik eta Iban Garciak parte hartuko dute. Hauexek izango dira hitzorduak:
Basauri: Irailak 16
Durango: Irailak 17
Derio: Irailak 23
Amorebieta: Irailak 24
Zalla: Irailak 25
LEHIAKETA ETA JAIA
Youtubeskolak proiektuaren baitan, halaber, Youtube bidezko lehiaketa bat abiatuko da, euskaraz. Euskal Herriko 13 eta 16 urte bitarteko gazteek parte hartu ahalko dute lehiaketan.
Horretarako, parte-hartzaileek gai zehatz baten inguruko bideo bat egingo dute, zeina objektu eta esaldi batekin osatuko den; esaterako, objektua, egurrezko koilara bat eta esaldia, “aurrerapen teknologikoak izugarriak dira!”.
Lehiaketa abiatuko den egunean bertan, urriaren 28an, iragarriko dugu zein gairen inguruan ardaztuko den lehiaketa.
Bideoen gehienezko iraupena minutu bat eta erdikoa izango da, eta partehartzaileek haien Youtube kanaletan argitaratu beharko dituzte, gero lehiaketara aurkezteko.
Bideoak aurkezteko epea urriaren 28tik azaroaren 24ra bitarte izango da. Izen-ematea youtubeskolak.eus webgunearen bitartez egingo da. Bertan, inskripzio-fitxa bat izango da, eta partehartzaileek bideoaren esteka bidali beharko dute datu pertsonalekin batera. Nahi beste lan aurkez daitezke, bakarka edo taldean.
Aurkeztutako bideoak Azkue Fundazioaren lantaldeak aztertuko ditu. Ez dira onartuko eduki iraingarriak biltzen dituzten lanak: giza eskubideen urraketa, bortizkeria, irainak, arrazakeria, sexismoa edota errespetu faltak. Hortaz, behin izen-ematea burututa, partehartzaileek antolatzaileen onespena jaso beharko dute partaidetza baieztatzeko.
Sariak hauexek izango dira: 13-14 urte bitartekoentzako Sari Nagusia eta 15-16 urte bitartekoentzako Sari Nagusia. Hirugarren sari bat ere izango da, Youtuber Bizkaitarraren Bideorik Onena. Bi irabazleek Iphone 7 Plus bana jasoko dute, eta Youtuber Bizkaitar onenak, berriz, kamera bat, GoPro Hero 7 Black.
Irabazleak jai batean iragarriko dira eta sari-banaketa ere bertan egingo da. Festa hori azaroaren 30ean egingo da, Euskararen Etxean, Bilbon. Epaimahaia Ane Atxutegik eta Ibai Zarketak eta Azkue Fundazioko lantaldeak osatuko dute.