Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordetzak eta Euskararen Erakunde Publikoak (EPP) hitzarmena sinatu dute EPPren corpus linguistikoa Jaurlaritzaren esku uzteko, Jaurlaritzak 2019an abiatutako itzultzaile neuronala (www.euskadi.eus/itzuli) hobetzeko asmoz.

Itunak lau urteko iraupena izango du eta beste lau urterako luzatu ahalko da.

Jaurlaritzaren arabera,Adimen artifizialari esker garatutako tresna da ITZULI, itzultzaile automatikoa. 2019an jarri zen martxan eta ordutik online itzultzaile orokorra eta juridiko-administratiboa daude. Eskuko telefonoetan ere erabili daiteke Android eta iOS-erako app-a instalatuta, eta ITZULI+ tresna- barra (www.euskadi.eus/itzuliplus) ere garatu da, itzultzaileaz gain, hiztegiak eta euskarazko Wikipedia ere eskura jartzen dituena. Gainera ITZULI itzultzaile neuronalari Adimen Artifizialari esker garatutako ahotsaren sintesia eta ezagutza (transkripzioa) gehitzeko lanean ari da Eusko Jaurlaritza”.

Eusko Jaurlaritzak Euskararen Ingurune Digitala: gomendioak 2021-2024 txostena aurkeztu zuen 2021eko maiatzean eta bertan jasotako xede nagusiekin egiten dute bat itzultzailea aberasteko ekimenek.