Messenger Rooms da zerbitzu berriaren izena, eta aukera emango du denbora-mugarik gabeko deiak egiteko, gehienez ere 50 pertsonarekin; aretoetan parte hartzeko ez da beharrezkoa izango aplikazioa deskargatzea.

Konfinamenduan dagoen jendeak egiten duen bideo-deien hazkundea baliatu du Facebookek Messenger Rooms taldeko bideo-deien zerbitzua aurkezteko. Zerbitzu horren bidez, Zoom, Houseparty eta Skype aplikazioekin lehiatuko da.

Facebookek jakinarazi duenez, azken boladan denbora errealeko bideoen eskaerak gora egin du nabarmen COVID-19 birusak gehien erasandako eremuetan. Hala, Messenger eta WhatsApp bidez burututako bideokonferentziak bikoiztu egin dira, eta Facebook Live eta Instagram Liven ikusitako bideoak nabarmen handitu ziren martxoan. Hartara, testuinguru horretan sortu da Rooms.

Tresna horren bidez areto bat sortu ahal izango da, Messenger-etik edo Facebooketik zuzenean, eta edozein pertsona gonbidatu ahalko da, nahiz eta sare sozial horretan konturik ez eduki. Areto bakoitzean 50 pertsona sartu ahalko dira, eta ez dute denbora mugarik izango,

Oraingoz, Facebooken bakarrik abiatu eta partekatu ahalko dira areto horiek (albisteen, taldeen eta ekitaldien atalen bidez), baina, etorkizunean, Instagram Direct, WhatsApp eta Portal zerbitzuen bidez ere aktibatu ahalko dira.

Erabiltzaileak beste pertsona batentzat irekitako gela bat sortzen duenean, Facebooken ikusiko du, eta gonbidapen bat jasotzen duenean, telefonotik edo ordenagailutik ireki ahal izango du, aplikazio osagarririk deskargatu gabe. Hori bai, Messenger bidez iragazkiak eta hondoak erabil daitezke.