Googlek ez ditu “cookie”-ak erabiliko eta ez ditu zuzendutako iragarkiak erakusteko  beste teknologia batekin ordezkatuko; hau da, Googlek ez die beste enpresei eskainiko pertsonen nabigazio-historian oinarritutako iragarkiak erosteko aukera, zeina publizitate digitalaren oinarrietako bat izan da urteetan.

Interneteko publizitatearen merkatuaren erdia baino gehiago kontrolatzen duen enpresak “cookie”-n bidez biltzen zuen erabiltzaileen informazio hori. Gailuek web bat bisitatzen duten bakoitzean sortzen dituzten arakatze-artxibo txikiak dira “cookie”-ak, eta Googlek erabiltzaile bakoitzarekin lotu ditzake.

Historial horrekin erabiltzaile bakoitzaren interesei buruzko oso profil zehatzak sortzen zituen Googlek. Gero, informazio hori erabiltzen zuen hirugarren konpainiek Google Ads plataformaren bidez erosten zituzten iragarkien eraginkortasuna hobetzeko.

Iaz, Googlek iragarri zuen bere nabigatzaile Chromek ez zituela bilduko hirugarrenen “cookie”-ak. Neurri batean konpainiak erabaki hori hartu behar izan du nabigatzaile lehiakide batzuek (Safari edo Firefox, adibidez) jada ez dutelako uzten horrelako jarraipenik egiten, eta, beraz, estrategiak eraginkortasuna galdu duelako.

Googlek jakinarazi duenez, ez du funtzio horren ordez banakako segimendua egiteko beste tresnarik erabiliko.

Halere, banakako loturarik ez duten interes-taldeetan oinarritutako beste estrategia batzuk probatzen hasi da. Horrek iragarki garrantzitsuak eskaintzeko aukera ematen du, baina pribatutasuna inbaditzeko arrisku txikiagoarekin; esaterako, Kohorteen Ikaskuntza Federatua: interes komunak dituzten pertsonak biltzen ditu, eta taldea eskaintzen du kanpaina baterako helburu gisa, eta ez norbanakoa. Googlek iragarri du estrategia horren bidez, % 95eko eraginkortasuna duen segmentazio-sistema bat lortu duela inbertitutako dolarraren itzuleran, cookietan oinarritutako publizitatearekin alderatuz gero.

Hartara, iragarleek pixka bat gehiago ordaindu beharko dute orain lortzen duten inbertsio-itzulera bera lortzeko, baina ez askoz gehiago, eta pribatutasunerako onura nabarmena da.