Gasteizko Hortelanos komunikazio-agentziak  SafeTimer abiatu du, COVID-19k eragindako osasun-krisia gainditzen laguntzeko doako aplikazioa. Aplikazio horrek maskarak erabiltzeko denbora kontrolatzen laguntzen du. Doakoa da.

SafeTimer aplikazioak maskara baten erabilera-denbora kontrolatzen laguntzen du. Maskara mota bakoitzerako gomendatutako erabilera-denboraren arabera aktibatzen diren tenporizadoreen bidez funtzionatzen du. Denbora-tarte hori gainditzen denean, aplikazioak ohar bat bidaltzen du.

Aplikazioa lagungarria da, batez ere, herritar guztiak maskarak behar bezala erabiltzearen garrantziaz jabe daitezen.

Oraingoz, SafeTimer-en lehen bertsioa baino ez dago, eta, haren sustatzaileen arabera, kode irekiko aplikazioa da. Hartara, aplikazioak garatzen dakien edozeinek parte har dezake, aplikazioaren funtzioak gehitzeko edo daudenak hobetzeko:  interesgarria litzateke aplikazioak maskararen erabilera-denbora automatikoki ezagutzea,  esaterako, maskara horien etiketak irakurtzen dituzten QR kodeen bidez.

SafeTimer App Store-n dago eskuragarri, eta laster Android  bertsioa sortzeko asmoa dute. Aplikazioa gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez erabil daiteke.