- Azkue, Elhuyar, Euskaltel eta Puntueus fundazioek sustatu dute hiztegia.
- IDE hiztegia eus webgunean dago kontsultagai.
- Kontzeptuen terminoak lau hizkuntzatan bila daitezke: euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa.
Ingurune Digitaleko Hiztegi Eleaniztunaren hastapenak aurkeztu dituzte Bilbon, Azkue Fundazioaren egoitzan, Azkue, Elhuyar, Euskaltel eta Puntueus fundazioek egin duten lan-bileran. Une honetan proiektua zertan den erakusteaz batera, ide.eus webgunea aurkeztu dute eta aurrerantzean nola osatuko duten azaldu dute.
Proiektua Elhuyarrek eta Azkuek jarri zuten abian, ingurune digitalaren arloko hutsune bat bete nahian. Azken urteotan, asko garatzen ari da arlo hori, eta etengabe sortzen dira zalantzak eta beharrak hizkuntzaren erabileran. Haiei erantzuteko, arlo zehatz horretako terminologia lantzen da hiztegi honetan: hainbat kontzeptu bildu eta euskarazko terminoak jaso dira, eta haien erabilera normalizatzea da egitasmoaren helburua. Hala, erreferentziazko hizkuntza-baliabide bat gehiago izango dute eskura hezkuntzarekin eta lan-munduarekin lotutako sektoreek, testuak sortzen eta itzultzen diharduten profesionalek eta gizarteak, oro har.
Proiektua abian jarri eta gerora, Euskaltel eta Puntueus fundazioak ere batu zitzaizkion proiektuari, eragile garrantzitsuak biak ere ingurune digitalaren arloan eta euskararen zabalkundean.
IDE hiztegia
Ingurune Digitaleko Hiztegi Eleaniztuna ide.eus webgunean dago kontsultagai. Kontzeptuen terminoak lau hizkuntzatan bila daitezke: euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa. Definizioa, berriz, euskaraz irakur daiteke. Bestalde, irudiak ere txertatu dira, definizioen bidez emandako informazioa osatzeko eta itxura erakargarriagoa izateko. Gainera, informazio osagarri gehiago ere eskaintzen da, beste baliabide batzuetarako esteken bidez; adibidez, Wikipedia, Euskara Batuaren Eskuliburua eta Elhuyar aldizkaria.
Une honetan, 106 kontzeptu jasotzen ditu, atal hauetan banatuak:
- Internet
- Informatika
- Sare sozialak
- Telekomunikazioak
- Zibersegurtasuna
2022an beste 150 kontzeptu sartuko dira, eta, besteak beste, Game Erauntsiaren hiztegia gehitu eta osatuko da.
Hala, lehengoez gain, atal hauek ere izango dira hiztegian:
- Merkataritza digitala (bankuak eta salerosketak)
- Marketin digitala
- Bideojokoak
Lanean jarraitzeko, hiztegiaren bultzatzaileek aditu-talde bat osatu dute, ekarpenak egin ditzaten eta lantaldean egunerokoan sortzen diren zalantzak elkarrekin argitu ditzaten. Une honetan, hauek dira aditu-taldeko kideak:
- Aitzol Astigarraga (Wikilarien Kultur Elkartea)
- Sagra Crespo (Berritzegunea)
- Igor Leturia (Elhuyar)
- Urtzi Odriozola (Game Erauntsia eta Codesyntax)
- Leire Palacios (Puntueus)
- Olatz Perez de Viñaspre (EHU-IXA)
- Asier Sarasua (Codesyntax)
Hiztegia osatuz joan ahala, kontsultagai jarriko dira termino berriak ere ide.eus webgunean.
Argazkia (ezkerretik eskuinera): Iurdana Acacuso, Azkue Fundazioa; Jon Abril Olaetxea, Elhuyar; Sabino San Vicente, Euskaltel Fundazioa; Josu Waliño Pizarro, Puntueus Fundazioa.