Nork gobernatzen du internet? Euskal komunitate digitala erronka globalaren aurrean lelopean egingo dute aurtengo Euskarabildua, azaroaren 4an, Donostiako San Telmo Museoan, 9:00etatik 13:15era.
“Korporazio teknologiko handiek espazio digitalaren gainean erabakitzeko boterea kontzentratzen duten testuinguruan, Euskarabildua 2025ek auzi klabe batean jartzen du fokua: Nork gobernatzen du internet? Teknologia modu burujabe eta kritikoan kudeatzea ezinbestekoa da herritarren eskubideak defendatzeko, kultur eta hizkuntza aniztasuna babesteko eta etorkizun digital justuagoa bermatzeko”.
Iametzak ondutako jardunaldian nazioarteko eta bertako hainbat aditu izango dira:
- Manuela Battaglinik (datuen etikan eta pribatutasunean espezializatutako abokatua) Adimen Artifizialaren inguruko politikak eta geopolitikak eta horiek gure bizitzetan eragiten dituzten ondorioak aztertuko ditu.
- Cristina Caffarrak (Eurostack proiektuaren bultzatzailea eta lehiakortasun ekonomikoan aditua) Eurostack proiektu europarra aurkeztuko du.
- Amadeu Abrilek (abokatua eta .cat domeinuen sustatzailea) interneteko desgobernua nola antolatzen den azalduko du.
- Josu Waliñok (PuntuEUS Fundazioko zuzendaria) gobernantzaren egiturak azalduko ditu Interneten, euskal ikuspegitik.
- Iratxe Esnaolak (Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak) hezkuntzaren digitalizazio burujabeaz hitz egingo du.
- Elixabete Garciak (Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko zuzendaria) eta Aitor Soroak (EHUko Hitz Katedrako zuzendaria) euskarazko hizkuntza-teknologia propio baten aukeraz eztabaidatuko dute.
- Lorea Arakistainek (PuntuEUS Fundazioko komunikazio arduraduna) eta Asier Etxeberriak (Iametzako negozio ereduen arduraduna) ni.eus aurkeztuko dute, euskarazko posta eta hodei seguruaren proposamena.
Jardunaldiari buruzko informazio guztia, hemen.