Bizkaiko Foru Aldundiko foru entitate Azkue Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren babespean lan egiten duen Game Erauntsia Elkarteak elkarlanean onduta, Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldiaren zortzigarren edizioa egingo da azaroaren 15ean Euskararen Etxean, Bilbon, 09:45etik 13:00etara.
- Lau hitzaldi eta mahai ingurua eskainiko dira euskal bideojokogintzaren esparru anitzak aztertzeko asmoz. Bideojokoen sorkuntza aztertuko da talde hasiberri baten begiradatik; hizkuntzari lotuta, itzulpengintza prozesuan barneratzeko aukera egongo da, kasu honetan, Nintendo-ren lokalizazio ekoizleetako baten ibilbidea ezagutuz; gainera, rol jokoek bideojokoekin izan dezaketen harremana aurkeztuko da, mahaijokoetatik hasita, bideojokoetaraino eman daitekeen bidaia biziz; bukatzeko, marrazkilaritzaren eta artearen esparruetan barneratuko dira hurreratzen direnak.
- Euskararen Etxera hurbildu ezinik geratzen direnentzako, gainera, jardunaldia zuzeneko streaming bidez jarraitzeko aukera eskainiko da EITBren webgunetik zein YouTube plataformatik.
- Bideojokoen Euskal Jardunaldian bideojokoei lotutako denetariko gaiak aurkeztea eta horien inguruan hausnatzea izaten da helburua. Hori horrela, Euskal Herritik ezagutzeko daukaguna agerian jartzen saiatuko da, beste behin, bideojokoak eta euskara uztartuz.
- 2021, 2022 nahiz 2023 edizioetako hitzaldiak biltzen dituen Jokotekniaren 2. liburua aurkeztuko da.
- Game Gela ere izango da goiz osoan.

Lehenik eta behin, Asier Garatxena bideojoko garatzaileak Gaua Games estudio bilbotarraren sorkuntza eta lehen pausoak azalduko ditu. Bigarrenik, Naiara Ordorika proiektu kudeatzaileak Nintendo of Europe enpresan bizitakoak laburbilduko ditu, hainbat urtez QA Tester zein Software Localisation Producer lanpostuetan aritu ondoren. Hirugarrenik, Eneko Azedo sortzaileak ADUR Azken Erronka bereziaren garapenari buruz hitz egingo du, rol jokoek bideojokoekin daukaten harremanean sakonduz. Azkenik, Jon Juarez diseinatzaileak marrazkilaritza eta animazioa edukiko ditu ardatz bere hitzaldian, bideojokoen munduan arte kontzeptuala sortzen ibili baita.
Jardunaldiari bukaera emateko, mahai ingurua izango da Digipen Europe-Bilbao Institute of Technology-ko, Harrobia Ikastolako eta Tartanga Lan Heziketarako Zentro Integratuko ikasleen parte hartzearekin.
Jokotekniak iraun bitartean, gainera, euskarazko bideojokoez gozatzeko aukera egongo da etxeko txikienentzat. Gamer Gela ekimenarekin gaur egun Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendan aurkitzen diren tituluetako batzuk ezagutuko dituzte haurrek zein gaztetxoek; modu horretara, bideojokoak gure hizkuntzan ere aurkitzen direla aldarrikatuko da.
Bukatzeko, 2021, 2022 nahiz 2023 edizioetako hitzaldiak biltzen dituen Jokotekniaren 2. liburua aurkeztuko da.
Egitaraua:








